
Padrola-Altamiran Burdin Hesiari buruz dagoen panela ordezkatu dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak Padrola-Altamirako atsedenlekuan Burdin Hesiari buruz dagoen panela ordezkatu du berri baten ordez. Denborak eragindako kalteak zirela eta, zaharrean ez zen informazioa ondo ikusten.
Aurreko kartela hondatuta zegoela hauteman ondoren, Padrola-Altamira atsedenlekuan dagoen Burdin Hesiaren panela ordezkatu du Galdakaoko Udalak. «Denbora pasa ahala sortutako kalteek grafismoa behar bezala ikustea zailtzen zuten, eta, beraz, ordezkapenak txangozaleen ibilbideak erraztuko ditu», azaldu dute Udaletik.
Kartelaren informazioa bera ez da aldatu baina panelaren behealdean dagoen QR kodea eguneratzeko aprobetxatu dute. Orain, Udalaren webgunean dagoen Burdin Hesiaren atalera bideratzen du honek, «informazio egokiagoa eskainiz».
Ekintza hau Udalak eta Ganguren Mendi Taldeak udalerrian ibilbide osasungarriak diseinatu, sortu, seinaleztatu eta mantentzeko sinatutako lankidetza hitzarmenaren barne dago eta elkarteak bere kartela kokatzen den panelaren zatia ere aldatu du.
Hitzarmen horri jarraituta, Gangurenek hainbat ibilbide eta kokapen seinaleztatu eta egokitu zituen iaz. Besteak beste, Ganguren inguruko trokak, ibaiak eta iturriak seinaleztatu eta berreskuratu zituen; Elexaldeko eta Askarriko balizajea eta seinaleztapena indartu zituen, eta Burdin Hesiaren eta Altamirako ibilbidearen zutoinetan seinaleak jarri zituen.
Bestalde, orientazio zirkuitu iraunkor berria sortu zuen, lagunekin edota senideekin naturaz gozatu ahal izateko.