Patxiren aurkako etxegabetze prozesua bertan behera gelditu da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Elkarlaguntza Sarea
Patxi pentsiodun galdakoztarraren etxegabetzea salatzeko mobilizazioak egin dituzte hilabeteetan zehar. Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi duenez, etxegabetze prozesua bertan behera gelditu da eta Kutxabankek alokairu sozial bat sinatu du.
Hilabeteetan zehar Patxi pentsiodun galdakoztarraren etxegabetzea bertan behera uzteko mobilizazioak egin dituzte. Erretiroa hartu berri, bere familiaren etxea erosi nahi zuen Patxik eta horretarako mailegua eskatu zuen Kutxabanken, baina pandemia tarteko orain ezin izan dio maileguaren ordainketari aurre egin.
Maileguaren ordainketari aurre egin ezinean, Patxik eta Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak alokairu sozial bat ordaintzea proposatu zioten Kutxabanki. «Kutxabankek gurekin esertzea onartu badu, azkeneko hilabeteetan egindako mobilizazioei esker izan da, jasotako babes beroaren ondorio», adierazi zuten orduan.
Sindikatuak gaur egin duen prentsaurrekoan adierazi duenez, alokairu soziala sinatu du Kutxabankek eta horrenbestez bertan behera gelditu da etxegabetze prozesua.