«Pilotazale bila», Andoni Beroiz
Andoni Beroiz Zubizarreta
BINKE / 2018ko apirila
Pilotazale bila
Patua apetatsu samarra dela jakina da, gaur hemen eta bihar han. Galdakoztar jaio eta hazi bai, baina egun lemoztar. Belaunaldi lartxo gara Galdakaoko mugetatik at habia egitera behartu gaituztenak —etxebizitza salneurri lotsagarriak tarteko—,herriko seme alabak galtzea garrantzirik ez balu bezala… hainbestean pozik badaude bejondeiela, zuei milesker «kanpotarrekin» akordatzeagatik! Han-hemen beti pozik, frontoietan zahartzen diren piloten antzera.
Eta Pilota aipatzen dudala, zaletasuna baino, grina niretzat. Pilota jokora beti eta leku guztietan jokatu da. Batzuentzat efektuarekin jotako lehen «dejadatxoa» Evak Adani jaurtitako lehen sagar harekin iritsi zen. Joko honek euskal kulturan eta gure herrian utzitako ondarea zenbaterainoko garrantzia izan duen ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Gurean, Kurtzeako pilotalekuan, goi maila eta afizionatuko pilotari anitz zaildu dira, lan jator eta izerdi handiz plazagizonak egin dira, baina frontoia betetzerako orduan lanak. Pena handia hartzen dut harmailak hutsik aurkitzen ditudan bakoitzean, eta zer pentsa ematen dit… denen ahotan gure gaurko pilotarien balentriak, baina gaztetxoenentzat pizgarria non? Gaua beti argi, gazteak!