Poesiako Lauaxeta Saria jaso du Libe Goitia galdakoztarrak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Bizkaiko Foru Aldundia
Barikuan, abenduak 1, aurtengo Lauaxeta Sariak banatu ziren Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregian egindako ekitaldian. Hitzorduan Jon Enbeita saritu zuten euskal kulturgintzan egindako ibilbideagatik eta Libe Goitia galdakoztarrak Poesiako Lauaxeta Saria jaso zuen.
Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Ohorezko Saria Jon Enbeitari eman dio aurten, «bertsolari, idazle eta baita kantari legez ere egindako ekarpen aberatsagatik». Enbeitak barikuan, abenduak 1, jaso zuen saria, Foru Aldundiaren jauregian egindako ekitaldian.
Honetan Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek eta Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Leixuri Arrizabalagak, parte hartu zuten eta aurtengo Poesiako Lauaxeta Sariak banatu ziren ere.
35 urtetik gorakoen kategorian Angel Errok jaso zuen saria, ‘Poema liburu bat —irakurtzeko jarraibideak—’ poema bildumagatik. 35 urte beherakoen kategorian ordea, Libe Goitia galdakoztarrak jaso zuen Poesiako Lauaxeta Saria, ‘Fast Fatum’ poema bildumagatik.
Epaimahaiak nabarmendu duenaren arabera, «lehen liburua heltzen den askotan helburuak berak lausotu egiten du obra bera; alegia, lehenengo liburua argitaratzea bihurtzen da xede nagusi eta bigarren mailan geratu ohi da liburuak barnean dakarrena. Ez da hori Libe Goitia Artetxeren Fast Fatum lanaren kasua; izan ere, idazleak une oro argi dauka zer den esan, kontatu eta iradoki gura duena, lehenengo liburua izanagatik ere».