PSE-EEk 2023ko aurrekontua enplegua eta auzoak bultzatzeko «eskasa» dela salatu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: PSE-EE Galdakao
Sozialistek milioi bat euroko emendakinak proposatu dizkiete hurrengo urteko aurrekontuei eta Udal Gobernuak egin dituen murrizketak kritikatu dituzte.
Galdakaoko PSE-EEk milioi bat euroko emendakinak aurkeztu dizkie 2023ko aurrekontuei. Sozialisten hitzetan, «udalerriaren historiako aurrekonturik altuenetan, gobernu-taldeak murrizketak egin ditu enplegu-planetan eta auzoetako inbertsioak aurrekontu parte-hartzaileen ondorioz egingo dira, eta ez Udal Gobernuaren beraren ekimenez».
Alderdiak jakinarazi duen moduan, «aurrekontu hau enplegua, auzoak eta trantsizio energetikoa bultzateko eskasa da». Horregatik, «enplegu-planetarako, kolektibo ahulenei laguntzeko, auzoetako azpiegiturak hobetzeko eta energia berriztagarriak eta energia-autokontsumoa sustatzeko» neurriak proposatu dituzte.
Sozialistek enplegu planen partidak ez murriztea eta beste hainbat proiektu aurrera eramatea eskatu diote Udal Gobernuari, besteak beste, adinekoentzat etxez-etxeko janari zerbitzua, energia-eraginkortasuna sustatu eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko plana, Arantzilleko presan hobekuntzak egiteko egitasmoa eta Aperribai eta Bengoetxen zabor bilketa hobetzeko neurriak.
Halaber, Udal Gobernuak onartutako bi proposamen egin dituzte: familiek eskola-materiala erosteko laguntza-lerro bat sortzea eta kirol kantxak hobetzeko partida.