Covid-aren aurkako neurriak
BINKE / 2021eko martxoa

Sinadura-bilketa hasi dute ostalariek, ixteko ordua atzeratzea eskatuz

TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai

Ostalaritzaren itxiera ordua 21:30etara luzatzeko sinadura-bilketa egiten hasi dira asteburu honetan, Usansolon eta Galdakaon ere. Asteazkenera bitarte 10.000 sinadura batu gura dituzte.

Aste honetan, Galdakaoko eta Usansoloko zenbait tabernetan ere Bizkaiko tabernarien elkarteak deitutako sinadura-bilketaren orriak ikusi dira, gure herrietako ostalariek banatuta. Orri honek dioenaren arabera, «Eusko Jaurlaritzak ezarritako ordutegiaren luzapena eskatzen dugu».

Gaur egun, etxeratze-agindua 22:00etan dago, eta tabernek 20:00etan itxi behar dituzte euren ateak. Sinadura-bilketa honekin, Bizkaiko tabernariek euren negozioak agindu hori baino ordu erdi lehenago itxi ahal izatea eskatzen diote Eusko Jaurlaritzari, hau da, 21:30ean.

Horregatik, 10.000 sinadura bildu gura dituzte Bizkaia osoan asteazkenera bitarte, Eusko Jaurlaritzaren LABIren batzordeari eskaini ahal izateko eta, horrekin, ostiralean eman beharreko LABIaren pauso barrietan eragin ahal izateko.

Albiste honekin lotuta…