Sormene herritarren artean diseinatu gura du Galdakaoko Udalak
Kultura
BINKE / 2022ko otsaila
Sormene herritarren artean diseinatu gura du Galdakaoko Udalak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Sormene «Galdakaoko sorkuntzen plaza» diseinatzeko talde eragilea osatu gura du Udalak, «euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragile guztiekin». Lehenengo bilera irekia eguen honetan izango da.
Galdakaok urtero euskal kulturgintzari eskaini gura dion «sorkuntzen plaza» da Sormene. Hirugarren edizioa antolatu gura du Galdakaoko Udalak aurten, baina horren diseinuan parte hartu eta ekarpenak egiteko Batzorde Eragile-Aholkularia deitu dion taldea osatu gura du lehenago.
Taldea osatzeko lehenengo bilera irekia datorren otsailaren 3rako, eguena, antolatu du herriko erakundeak: 18:00etan udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
Eta «kulturgintza lan kolektiboa» dela azpimarratuz, bilera horretara «euskal kulturgintzaren ekosistema osatzen duten eragile guztiak» gonbidatu gura ditu Udalak: «Adierazpide desberdinetako sortzaileak, kultur elkarteak, kultur zaleak, instituzioak, zabalkundeaz arduratzen diren komunikabideak edota transmizioaz arduratzen diren hezitzaile eta gurasoak».
Lehenengo bilera horren bi helburuak ere hauek izango direla zehaztu du Udalak ohar bidez:
- Batzorde Eragile-Aholkulariaren jarduna definitu.
- 2022ko Sormeneren programazioa lantzen hasi.
Binke Sormene plazaren komunikabide ofiziala izan da bere lehenengo bi edizioetan, eta talde eragile honen berri ere gertutik emateko konpromisoa hartu du.