Hitzaldi zikloa antolatuko du berriz Orreaga Iritzi Taldeak hurrengo asteetan, eta hiru solasaldi eskainiko ditu. Lehenengoa bihar, azaroak 6, izango da, Aitzol Altuna Bizkaiko Foruen inguruan arituko da, 500 urte betetzen direlako eguneratu zirenetik.
Galdakaoko Udalaren laguntzarekin, hitzaldi ziklo berria antolatuko du Orreaga Iritzi Taldeak hurrengo asteetan. Ekimen horren barnean, hiru saio eskainiko dituzte adituek Torrezabal Kultur Etxean, guztiak 19:00etan hasita.
Zikloa Aitzol Altuna galdakoztarrak irekiko du bihar, azaroak 6, Bizkaiko Foru Barria: 500. urteurrena hitzaldiarekin. «Erdi Aroan garatu ziren euskaldunon Foruak Nafarroako erresumaren barruan, gero idatziz jaso eta, 1526an, garai barrietara egokitzeko asmotan berridatzi zituzten. Orain 150 urte galdu genituen edo kendu zizkiguten euskaldunon eguneroko bizimoduaren egituratzaile izan diran Foruak», azaldu dute taldetik.
Azaroaren 13an aldiz, Iñaki Esparzak Bilbotik bisita gidatua eskainiko du. Museo disdiratsuz eta paseorako itsasadarrez jantzita dagoan oraingo Bilboren aldean, lehenagokoa erakutsiko du, historia eta euskara uztartuz, bere liburuetan Korreo edo Bidebarrieta kaleetan zehar egin izan duen moduan.
Azkenik, azaroaren 20an Jon Fernandezek berbaldia eskainiko du. EHUko Subiranotasuna Europako Herrietan Masterraren amaieran egindako lanean, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeek Lehen Hezkuntzan erabiltzen dabezan testuliburuak aztertu zituen, nazio-nortasuna zelan erreproduzitzen daben ikertze aldera. Egun ere, hezkuntzaren hari horreri tiraka dabil doktoretza egiten Gizartea, Politika eta Kultura Doktorego Programaren barruan.
Saioen informazio gehiago ezagutu daiteke Orreaga Iritzi Taldearen webgunean.





