Trafikoan mozketak egingo dituzte Galdakaon Frantziako Tourraren ondorioz
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: RTVE
Zapatuan, uztailak 1, Frantziako Tourra igaroko da Galdakaotik eta honen ondorioz trafiko mozketak egingo dituzte. Elorritxuetarako errepidea aurreko egunean moztuko da 22:00etatik aurrera eta herrian ere trafikoan eragina izatea aurreikusi du Udalak.
Hitzordu oso berezia biziko da asteburuan Bizkaian, batez ere txirrindularitza zaleentzat. Munduko lasterketa garrantzitsuenetakoa den Frantziako Tourra igaroko da errepide bizkaitarretatik eta tartean Galdakaon ere arituko dira txirrindulariak.
Zehazki, Pardrolatik, Artolatik, Erletxetik, Altamiratik, Uraburutik eta Askarritik igaroko da zapatuan, uztailak bat eta honen ondorioz trafiko mozketak egingo dituzte Galdakaon.
Barikuan, ekainak 30, hasiko dira eta Elorritxuetarako errepidea egun horretan moztuko da 22:00etatik aurrera. Halaber, herrian ere trafikoan eragina izatea aurreikusten dela azaldu du Udalak.
Bestalde, aparkalekuak atonduko dira Elexaldeko atletismo pistan, Elexalde eta Bengoetxe institutuetan, Andra Mari Lanbide Heziketa zentroan eta Urreta eskolan. Erletxetako industrialdean aldiz autokarabanak aparkatzeko aukera egongo da, eta egun horretan ezin izango da barbakoarik egin, «segurtasun arrazoiak direla eta».
Informazio gehiago lortu daiteke Grand Départeko gidan edota 944 010 505 telefonora deituz.