Txomin Bustinzaren Gabonetako jaiotza ikusgai dago urtarrilaren 5era bitarte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Txomin Bustinza galdakoztarrak urte askotan osatutako Gabonetako jaiotza ikusgai dago aurten ere, urtarrilarren 5era bitarte. Ohi bezala, bere etxeko tailerrean du erakusgai, Zabalea kalearen 69. zenbakian.
Urteak eman ditu Txomin Bustinza galdakoztarrak «lan eta mimo handiz» Gabonetako jaiotza osatzen eta urtero herritarrentzat ikusgai jartzen du. Aurten ere bere etxeko tailerrean du erakusgai, Zabalea kalearen 69. zenbakian, urtarrilaren 5era bitarte.
Jaiotza Galdakaon diren edo dagoeneko desagertuta dauden baserrien erreplikekin osatuta, Bustinzak bere eskuekin ondua. Helburu solidarioa du gainera, izan ere, sarrerarik ez du kobratzen Bustinzak, baina, bisitariei borondatea eskatzen die, eta minbiziaren aurkako elkartera bideratzen du batzen duen dirua.
Erakusketak 11:00etatik 14:00etara izango ditu zabalik ateak goizetan, eta arratsaldetan, 17:00etatik 20:00etara. Domeketan goizez zabalik, baina arratsaldez itxita egongo da, eta baita abenduaren 24an eta 31n ere. Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1n, berriz, egun osoz egongo da itxita.