Usansolo Herriako ordezkariak Metroaren 5. lineako arduradunekin batu dira
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Usansolo Herria
Usansolo Herria plataformako hiru ordezkari Metroaren 5. lineako arduradunekin batu dira proiektuaren aurrerapenen berri izateko helburuz. Bileran Loly de Juan Garraio Azpiegituretako zuzendariak eta Julian Ferraz ETS-ko Arduradun Teknikoak parte hartu zuten.
Metroaren 5. linearen proiektu berrian egungo Usansoloko tren geltokia kenduko dutela salatu dute behin eta berriz auzokideek. Ehundaka herritar batu ziren apirilean Usansoloko erdigunean geltokia eskatzeko egin zuten manifestazioan, Binkek jaso zuen moduan.
Honi erantzuna emateko asmoz, Metroaren 5. lineako arduradunekin batu dira aste honetan Usansolo Herria plataformako Agustin Aizpuru, Javi Aurre eta Iñaki Urgoiti. Bileran Loly de Juan Garraio Azpiegituretako zuzendariak eta Julian Ferraz Euskal Trenbide Sareko Arduradun Teknikoak parte hartu zuten.
UHk azaldu duenez, arduradunek «geltokiaren arazoari irtenbidea emateko aukera anitz daudela» adierazi zieten. «Oraindik Ingurumen Sailaren eta URA-ren informe teknikoen esperoan gaude baina laster jakingo dugu», azaldu dute plataformatik.
Bestalde, jakinarazi dute Usansoloko Udalaren funtzioak egiten dituen kudeaketa batzordea gaur bilduko dela «lanean jartzeko eta etorkizuneko helburuak zehazteko».