
Usansolo toki-erakundeen erregistroan inskribatzea ukatu du Espainiako Gobernuak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Espainiako Gobernuak Usansoloren segregazioa ukatu du. Lurralde Politikako Ministerioak udalerria toki-erakundeen erregistroan inskribatzea atzera bota du 5.000 biztanle baino gutxiago izateagatik.
Usansoloko Udalaren funtzioak egingo dituen kudeaketa batzordea eratu zen maiatzaren 4an, Usansolo Herria plataformako Agustin Aizpuru presidente dela. Harekin batera, plataformako beste zazpi kidek eta EAJko batek osatzen dute batzordea.
Eraketaren ostean, Usansolo toki-erakundeen erregistroan inskribatzea zen hurrengo pausoa, Aizpuruk Binkeri azaldu moduan. Espainiako Gobernuak ordea, pauso hau atzera bota du.
Zehazki, Espainiako Gobernuaren Lurralde Politikako Ministerioak ukatu egin du Usansolo Bizkaiko 113. udalerria toki-erakundeen erregistroan inskribatzea 5.000 biztanle baino gutxiago izateagatik.
Usansolok 4.520 bizilagun ditu egun eta Bizkaiko Foru Aldundiak udalerri izateko ezartzen duen 2.500 biztaleko muga betetzen du. Ordea, ez du betetzen Espainiako Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen legea, horretan muga 5.000koa baita. EAJk, EH Bilduk eta Unidas Podemosek ekimen bat aurkeztu zuten Diputatuen Kongresuan, Aldundiak ezarritako populazio-muga Espainiako Gobernuak ezarritakoaren gainetik jartzeko.
Usansolo Herriatik adierazi dute orain bi hilabete dituztela honen aurrean zer egin erabakitzeko. Helegite administratiboa jarri ahal dute edo prozesu administratibo batean sartu. Hortaz, Usansoloko kudeaketa batzordeak, Galdakaoko Udalak eta Foru Aldundiak erabaki beharko dute zer egin. Horretarako, bilerak egingo dituzte hurrengo asteetan.