Usansolo udalerri izateko legea aldatzea onartu du Espainiak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Pedro Sanchezen inbestidurarako akordioa sinatu zuten EAJ-PNVk eta PSOEk eta honetan, besteak beste, udalerri izateko biztanle kopuruaren exijentzia 5.000tik 4.000ra jaistea adostu zuten. Hau onartu du gaur Espainiako Ministroen Kontseiluak eta horrenbestez Bizkaiko 113. udalerri gisa erregistratu ahal izango da Usansolo.
EAJ-PNVk Pedro Sanchezen aldeko botoa zuen inbestidura saioan eta horren truke hainbat neurri indarrean jartzea adostu zuten sozialistek jeltzaleekin. Besteak beste, udalerri izateko biztanle kopuruaren exijentzia 5.000tik 4.000ra jaistea adostu zuten, BINKEk jaso zuen moduan.
Neurri hau onartzea adostu du gaur Espainiako Ministroen Kontseiluak eta honi esker Bizkaiko 113. udalerri gisa erregistratu ahal izango da Usansolo, Espainiaren oniritziz ere.
Aitor Esteban EAJ-PNVren Kongresuko bozemaraileak eman du ezagutzera gaur goizean eskainitako prentsaurrekoan. «Usansoloko biztanleen nahia beteko da horrela», azpimarratu du.
Halaber, jakinarazi du xedapen berezi batekin onartu dela lege aldaketa: «Orain arte emandako pausoak ez dira berriz eman beharko eta hortaz, laster Bizkaiak udalerri berria izango du».