Usansoloko erdigunean Metro geltokia ezartzea eskatu du Galdakaoko udalbatzak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Uztailaren 24an osoko bilkura egin zuen Galdakaoko udalbatzak eta honetan Usansolo Herria plataformak Usansoloko erdigunean Metro geltokia eskatzeko mozioa aurkeztu zuen. Testua onartu zuen udalbatzak EH Bildu, Auzoak eta Usansolo Herria taldeen aldeko botoekin, PSE-EEren kontrakoekin eta EAJren abstentzioarekin.
Usansolotarrak Metroaren 5. linearen proiektuan gaur egun erdigunean duten geltokia kendu eta hori barik geldituko direla aldarrikatzen ari dira azken hilabeteetan. Erdigunean Geltokia plataformak hainbat mobilizazio antolatu ditu herriaren erdigunean metro geltokia eskatzeko eta Usansoloko kudeaketa batzordeak Metrotik lanzadera jartzeko proiektua ukatu zuen, BINKEk jaso zuen moduan.
Galdakaoko udalbatza izan da Usansoloko erdigunean Metro geltokia eskatzen hurrengoa. Pasa den astean egin zuen, uztailaren 24an antolatutako osoko bilkuran.
Honetan, Usansolo Herria plataformak Usansoloko erdiguneko geltokiaren aldeko mozioa aurkeztu zuen eta udabaltzak testua onartu zuen, EH Bildu, Auzoak eta Usansolo Herria taldeen aldeko botoekin, PSE-EEren kontrakoekin eta EAJren abstentzioarekin.
«Galdakaok eta bertako herritarrek familia-, kultura-, kirol- eta merkataritza harremanak dituzte Usansolorekin eta usansolotarrekin. Hori dela eta, Geltokia Erdigunean auzo-plataformak Galdakaoko Udalaren babesa ere eskatu du. Galdakaoko Udalaren Osoko Bilkuraren aburuz bi udalerrien arteko konektibitateak eraginkorra izaten jarraitu behar du lotura horiek mantentzeko, eta, horregatik, honako
mozio hau onartzen du», jaso zuen mozioak.