Usansoloko kudeaketa batzordeak erdigunean geltokia eskatzeko adierazpena onartu zuen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Atxutegi
Uztailaren 18an osoko bilkura antolatu zuen Usansoloko kudeaketa batzordeak eta honetan hainbat erabaki hartu zituzten alderdiek. Besteak beste, erdigunean geltokia eskatzeko adierazpen instituzionala onartu zuten aho batez. Hemen batu dugu adierazpena hitzez hitz.
Txapelena baserriak Usansoloko kudeaketa batzordearen ohiko osoko bilkura hartu zuen uztailaren 18an eta honetan hainbat izan ziren alderdiek izan zituzten eztabaidagaiak. Besteak beste, usansolotarrek hilabeteetan zehar egin duten eskaera bati buruzko adierazpen instituzionala onartu zuten taldeek.
Zehazki, Usansoloko erdigunean Metro geltokia eskatzeko adierazpena onartu zuten. Hemen batu dugu hitzez hitz:
«2022ko urtean, ETSk plazaratutako Metroren 5. Linearako proiektuan, Usansolok gaur egunean duen tren geltokia galduko zuela aurreikusten zen. Horren kontra, eta erdiguneko geltoki baten alde, usansolotar eta herriko talde eragileek alegazioak aurkeztu zituzten. Proiektua ez zen bideragarria eta hala jakinarazi zuten herritarrek.
Alegazio hauek ukatuak izan dira eta indarrean darraien proiektuak ez du erdigunerako geltokirik aurreikusten. Izatez, 2024ko maiatzaren 30eko Ebazpenaren bidez, ETSren Kontratazio Batzorde Delegatuak metroaren 5. Linearen 4. tartea (Ospitalea-Bedia) eraikitzeko proiektua idazteko zerbitzua esleitu du.
Kudeaketa Batzordeak beste aukera batzuk badaudela ezagutzen du, izan ere, ETSek alegazioei erantzuna emateko kontratatutako SENER enpresak orotara 3 irtenbide aurkeztu zituen. Horietako batek Usansolo erdigunean tren geltoki aurreikusten du. Aukera, beraz, bideragarria da.
2023ko azaroaren 9an, Eusko Legebiltzarrak 11/2023 Euskadiko mugikortasun jasangarriaren Legea onartu zuen, eta jarduteko printzipioen artean, trenbide-sarea garraio publikoaren eskaintzaren ardatz egituratzailetzat hartzea agintzen du (3.1.e) art.), herritarrek mugikortasun jasangarriari eragiten dioten erabakietan parte hartzea aldarrikatzeaz gain(3.1.g) art.). Kudeaketa Batzordeak bi jarduteko printzipio horiek urratutzat jotzen ditu: ETSek ezarri nahi duen proiektuak ez da usansolotarren parte hartzea kontuan izan eta errepideko garraioa den lanzadera zerbitzua gailentzen du.
Hau dela eta, Usansoloko Kudeaketa Batzordeak hurrengo adierazpen instituzionala onartzen du: Metroaren 5. Linean eskudunak diren agente eta erakunde guztiei eskatzea Bilboko Hiri Trenbidearen 5. Linea eraikitzeko proiektua idazteko zerbitzua (4. tartea: ospitalea-bedia) kontratuaren exekuzioan luzamendua aplikatzea, Usansoloko erdigunean geltoki bat aurreikusten duen aukera bat zehaztu eta ezarri arte».