
Usansoloko ospitaleko ZIU, humanizazioan bikain saria lortu duen Espainiar estatuko lehena
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Osakidetza
AENORek ematen duen zainketen humanizazioaren egiaztapen maximoa lortu du Usansoloko ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitateak. Ziurtagiriak egiaztatzen du humanizazioaren arloko jardunbide egokien 160 neurri betetzen direla.
Usansoloko ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitatea izan da Espainiar estatuan AENORek ematen duen zainketen humanizazioaren egiaztapen maximoa – maila bikaina – lortu duen lehena. HU-CI proiektuaren esparruan izan da, zainketen humanizazioa pertsonen beharretara egokituz hobetzea ahalbidetuko duten ekintzak ezartzeko.
Ziurtagiri horrek lortutako bikaintasuna aitortzeaz gain, «zainketaren humanizazioa lideratzen eta bultzatzen jarraitzeko konpromisoa indartzen du, eta pazienteengan oinarritutako arreta-emateko Osakidetzaren konpromisoarekiko erantzukizuna islatzen du, zeinak asistentzia-alderdia ez ezik, haien ongizate emozionala eta psikologikoa ere barne hartzen dituen; hori guztia pazientearen senideei zein talde asistentzialari ere behar den arreta eskainiz», adierazi dute Osakidetzatik.
Usansoloko ospitaleko Zainketa Intentsiboen Unitateak 2018an ekin zion Humanizazioko Jardunbide Egokien Ziurtagiria lortzeko ibilbideari, eta prozesu horretan maila aurreratua lortu zuen 2022an. Bi urte geroago, ekintza jakin batzuk ezarri eta beste auditoretza batera aurkeztu ondoren, bikain mailadun ziurtagiria eskuratu du.
Ziurtagiriak egiaztatzen du humanizazioaren arloko segidako zazpi ildo estrategikoetan banatzen diren 160 jardunbide egoki betetzen direla: senideek zainketetan parte hartzea eta pazientearekin egotea; komunikazioa hobetzea; pazienteen ongizatea ziurtatzea; profesionalak zaintzea; ZIU osteko sindromearen prebentzioa, detekzioa eta jarraipena; arkitektura humanizatua; eta hiltze-prozesuko arreta.
«Paziente eta senide bakoitzak, ospitaleko egonaldi osoan, tratu duina eta errespetuzkoa jasotzen duela bermatzeko ZIUko taldea osatzen duten profesional guztien diziplina anitzeko ahaleginaren emaitza da lorpen hori; profesionalen euren zaintza ere barne hartzen duena», adierazi du Ainara Arana Unitateko gainbegiraleak.