Usansoloko Udalak webgune berria estreinatu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
BiscayTIK Fundazioarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, Usansoloko Udalak webgune berria martxan jarri du. Atari berriak, besteak beste, izapideak egiteko aukera emango die herritarrei.
Urte amaieran ofizialki udalerri bihurtu zenetik, aurrerapausoak eman ditu Usansolok eta berri bat iragarri du gaur bertan Udalak. BiscayTIK Fundazioarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, Usansoloko Udalak webgune berria martxan jarri du.
Webguneak herritarren eta Udalaren arteko harremana errazteko diseinatutako tresnak eskaintzen ditu, besteak beste, egoitza elektronikoa, izapideak azkar eta udaletxera bertaratu beharrik gabe egiteko aukera ematen duena.
Informazio instituzionalak eta udal ekipamenduak ere agertzen dira webgunean, «usansolotar orok bertatik bertara jakin dezan zer zerbitzu eskaintzen dituen udalak». Halaber, herriaren historiak bere atal propioa du, eta bertan Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izatera eraman duen herri aldarrikapenaren prozesua ageri da.
Bestalde, Agustin Aizpuru alkatearen mezua ikusi daiteke, BINKEk egindako argazki batekin batera.
«Webguneak edozein pertsonak bere iritzia emateko eta Udalarekin zuzenean harremanetan jartzeko tresna izan nahi du. Herritar guztiak animatzen ditugu webgune berria bisitatzera eta gure udalerriak eskaintzeko duen guztia ezagutzera», adierazi dute Usansoloko Udalaren funtzioak betetzen dituen kudeaketa batzordetik.