Usansolon Feroskana Parke Eolikoa eraikitzeko proiektua aurkeztu dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Irekia
Feroska Wind eta Saitec Engineering enpresek Usansolo, Zeberio eta Bedia artean parke eoliko bat eraikitzeko proiektua aurkeztu dute. Sei haize errota izango lituzke parke eolikoak eta proiektua aztertu behar du oraindik Eusko Jaurlaritzak.
Eusko Jaurlaritza parke eolikoak eraikitzeko 31 proiektu izapidetzen ari zen iaz Euskal Autonomia Erkidegoan: 15 Bizkaian, 11 Araban eta 5 Gipuzkoan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren arabera.
Hauetako baten xehetasunak aurkeztu dituzte Feroska Wind eta Saitec Engineering enpresek. Zehazki, Feroskana Parke Eolikoa aurkeztu dute, Usansolo, Zeberio eta Bedia artean kokatuko litzatekeena.
Parkeak sei errota izango lituzke eta eraikuntza faseek Arrigorriagan, Zaratamon, Arrankudiagan, Arakaldon, Orozkon eta Laudion ere eragina izan dezakete.
Jaurlaritzaren arabera, Feroskana eta zerrendaren proiektuetako beste batzuk «bidean geratzea posible litzateke», izan ere, tramitazio fase ezberdinetan daude. Beraz, Usansolo, Bedia eta Zeberio arteko parkearen proiektua aurrera aterako den ala ez ez dago oraindik baieztatuta.