Usansolotar bat eta galdakoztar bi, Valentziara joandako suhiltzaileen artean: «Apokaliptikoa da hau»
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Hiru suhiltzaileek BINKErentzat ateratako argazkia
Valentziako kalteak arintzera laguntzen joan diren Bizkaiko 17 suhiltzaile eta Bilboko 13 suhiltzaileen artean galdakoztar bi eta usansolotar bat daude: Xabier Urrutikoetxea usansolotarra, eta Joseba Uranga eta Oskar Alarcon galdakoztarrak. Eurekin hitz egin du BINKEk, eta lehenengo egunetan bizitakoa kontatu diote hedabide honi.
Iberiar penintsularen Mediterraneo kostaldea astindu duen lurraldeen artean kaltetuena Valentzia da, DANA fenomeno metereolgikoaren ondorio, eta kontaezinak dira bertako kaleak eta bizilagunak laguntzeko jasotzen ari diren ekintzak. Laguntza guztien artean, Euskadik bidalitako laguntza dago: baliabide pertsonal eta tekniko ugari bidali dituzte euskal erakundeek. Horien artean, Bizkaiko eta Bilboko suhiltzaileak daude dagoeneko valentziar lurretan lanean.
Bizkaiko Foru Aldundiaren suhiltzaileen zerbitzuko 17 langile eta zenbait baliabide material Basauriko suhiltzaileen etxetik abiatu ziren domeka goizean, azaroaren 3an, Eusko Jaurlaritzak koordinatutako operazioarekin bat egiteko. Horien artean Joseba Uranga galdakoztarra eta Xabier Urrutikoetxea usansolotarra daude.
Bilboko Udalak bere aldetik, eta Eusko Jaurlaritzak koordinatutako operazio beraren barnean, 13 suhiltzaileko taldea jarri du Valentziako herriaren beharretara. Eta horien artean Oskar Alarcon galdakoztarra dago.
Euren lana egunotan, aipatutako lehenengo suhiltzaile biek BINKEri kontatu diotenaren arabera, «bereziki garajeak hustu eta garbitzea da». Baina noski, «bestelako laguntzarik eskatzen deuskuen uneetarako be prest gagoz», adierazi diote hedabide honi. «Harrera bikaina» jaso dutela ere kontatu dute suhiltzaile bizkaitarrek: «Bidean gengozala, Valentziara gerturatzen, jendeak errepidetik eta autoetatik txalotu egiten gintuen eta joateagatik eskerrak emon; rock-aren izarrak bagina lez».
«Hau flipantea da, beste mundu bateko errealitatea emoten dau, kotxeak leku guztietatik pilatuta dagoz, basa leku guztietan dago… guztiz desfasatuta dago hau, apokaliptikoa da». IKEAko aparkaleku batean jarri du Valentziako DYAk Bizkaiko suhiltzaileentzako kanpalekua, eta bertan daude domekatik lo egiten. «Adi-adi gagoz, halanda be, bertara laguntzera etorri garanai lapurtzen be jendea dabilela esan deuskuelako», kontatu dio BINKEri Joseba Uranga galdakoztarrak.