
Usansolotarrak EAJ, PSE eta ETSren egoitzetara joango dira berriro, erdigunean geltokia eskatzeko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Geltokia Erdigunean
Usansolotarrek Metro geltokia erdigunean eskatzen jarraitzen dute eta bihar Bilbora joango dira berriz, EAJren, PSEren eta Euskal Trenbide Sarearen egoitzetara. «Badakigu ez dugula haien babesik Usansoloko erdigunerako geltoki bat aldarrikatzeko, baina horrek ez gaitu adoregabetu behar!», adierazi du Geltokia Erdigunean plataformak, alderdiei erreferentzia eginez.
Azken asteetan Geltokia Erdigunean plataforma berriro jarri da harremanetan Bizkaiko Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politikoekin eta haien aldarrikapena atxikitzea eskatu diete: Usansolo erdigunerako Metro geltokia. «Laguntzak idatziz gera zitezen, manifestu bat idatzi eta bidali genien», adierazi dute plataformatik.
Testuan bi gauza eskatu zieten alderdiei. Batetik, Mugikortasun Jasangarriaren Legea betetzea, bertan adierazten baita trena dela Euskadiko mugikortasunaren ardatza, eta errepideko garraioa osagarria; eta bestetik, Bilboko Metropoliko Trenbidearen 5. Lineako eraikuntza proiektua idazteko zerbitzu kontratu exekuzioan, Usansoloko erdigunean geltoki bat aurreikusten duen alternatiba bat ezartzea.
«Kontaktatutako bost alderdietatik hiruk baino ez dute gure aldarrikapenarekin bat egin eta sinatu: EH Bildu, PP eta Elkarrekin Podemos. Eskerrik asko hiru alderdiei zuen babes instituzionalagatik!», nabarmendu du plataformak, EAJ-PNVk dokumentua sinatzeari uko egin diola, eta PSE-EEk ez duela erantzun azalduz.
«Plataformatik uste dugu garrantzitsua dela alderdien jarrera politikoak argi egotea eta orain hala daude: mobilizatzen jarraitzea dagokigu gobernuan dauden alderdi politikoek entzun eta gure aldarrikapena haiena egin dezaten. EAJ eta PSE dira gure helburu! Usansolo ez da geldituko erdiguneko geltoki bat lortu arte!», adierazi dute usansolotarrek.
Helburu honekin, EAJren, PSEren eta Euskal Trenbide Sarearen Bilboko egoitzetan mobilizazioak egin dituzte azken asteetan eta bihar, martxoak 21, berriz joango dira. Plataformak sare sozialen bitartez adierazi duenez, 10:30-12:00 ordutegian egingo dituzte mobilizazioak eta Usansolotik 10:00etako trenean abiatuko dira. «Ezin dugu atzera egin, eta elkarlanean edozer lor genezake! Lortu arte!», azpimarratu du plataformak.