Yayone Altuna, abokatua eta Argizaiko zuzendaria
BINKE / 2021eko maiatza

«Guztionak ez diren eskubideak ez dira eskubideak, pribilegioak baizik»

Yayone Altuna Charterina
1984, Galdakao

Zuzenbidean lizentziatua da Altuna EHUren bitartez eta Abokatutzan Masterra Deustuko Unibertsitatearen bitartez. Geroztik 12 urte daramatza abokatu lanetan, baita arlo berean irakasle eta bestelako formazioetako langile. Zuzenbidea esparru sozialekin jorratu izan du bereziki, baita modu boluntarioan ere. Gaur egun Bizkaiko Abokatuen Elkargo Ohoretsuko Gobernu batzordekidea da eta Galdakaoko Argizai elkarteko zuzendaria.

TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Aitzol Zamalloa

ETBko «Ur handitan» saioan haurren aurkako abusuez berbetan agertu zen egunean lotu genuen datozen lerroetako solasaldia Argizai aisialdi taldeko zuzendariarekin. Abokatua da, lanbidez eta maitasunez, eta aipatutako haurren gai delikatu horretan ere bada aditua. Baina askoz gehiago da Yayone Altuna galdakoztarra eta Binkeren ohiko kolaboratzailea. Horregatik, lerrook baliatu gura izan ditugu bere jardunaren alde esanguratsu bat plazaratzeko.

Edozein kasu al da defendagarria? Defentsarako eskubidea oinarrizko eskubidea da, beraz pertsona orok du abokatu baten defentsa izateko eskubidea; beraz, alde horretatik defendagarritasunaz baino defendatu beharraz arituko ginateke hizketan; abokatuok pertsonen defentsan aritzen gara ez delituaren beraren defentsan, eta hau gizarteari, oro har, asko kostatzen zaio desberdintzea.

Egokitu izan zaizu hiltzaile edo bortxatzaile bat defendatu behar izatea? Erailketarik ez, bortxaketa, sexu abusu, pornografia kasuak eta emakumearenganako indarkeria kasuak bai. Batzutan ustezko erasotzailearen defentsan, bestetan biktimaren interesen defentsan.

Horrelako kasu bateko defentsa zarenean, ez duzu justiziaren aurka egiten ari zarenaren sentsaziorik? Galdera hau askotan egin izan didate; nik beti erantzuten dut beste galdera batekin: ez ahal du edozein pertsonak errugabetasun presuntziopean defentsa bat merezi? Eta leporatze hori gure senideren bati egiten badiote? Eta urritasun zein gaixotasun mental baten ondoriozko jarrera bat izan bada? Froga nahikoa badago errugabetasuna hausteko, gure funtzioa epaitze-prozesu hori behar den berme eta eskubideak errespetatuta gauzatu eta neurri edo zigor egokiena ezarriko dela —espetxe zigorra barik internamendu psikiatriko bat, adibidez— ziurtatzea izango da.

Baina, zer da justizia? Justizia kontzeptu abstraktua eta aldakorra da, moralari loturikoa; batzuentzat justua/bidezkoa dena beste batzuentzat agian ez… Galdera da: nork erabakitzen du justua zer den? Gure irakasle batek esaten zigun: justizia, bere esentzian, oso zaila da lortzea, gizarte honetan alderdi aseak eta ez aseak ditugula; niretzako justiziaren kontzeptua epaitegietatik haratago doan zerbait da, gizarteari eta giza eskubideei loturikoa. 

Sei urte eman dituzu Bizkaiko Abokatu Gazteen Taldeko presidente. Zein da talde honen funtzioa? Bizkaiko Abokatu Elkargoko lan talde bat da; bere funtzio nagusia abokatutza jardueran hasten diren lankideei laguntza ematea da —formakuntza, materialak, aldarrikapen ekintzak, deontologia,…—. Era berean, sare lana egiten da bai erkidego mailan eta bai estatu mailan ere. Hirubilabetero estatu mailan batzen dira talde hauek, gaiak eta proposamenak eztabaidatu eta elkarrekin ekimenak sustatzeko —aldarrikapen ekitaldiak, lege proiektuen azterketa eta aldaketa proposamenak, giza eskubideen eta berdintasunari buruzko proiektuak…—.

Zertarako balio izan dizu kargu horrek? Esperientzia oso aberasgarria izan da. Lankide asko ezagutu ditut, estatu mailan —horrek sare lan profesionala egiteko aukera polita ematen dizu— eta baita nazioarteko lankideak ere —beste herrialde batzutan abokatutza nola dagoen ikusteko aukera ematen dizu: abokatu asko beren lana egiteagatik jazarriak edo atxilotuak dira, defendatzen zutenaren delitu beragatik kondenatuak…—. Eta, nola ez, lan talde baten kudeaketa eta ordezkaritza gauzatzeak asko lagundu dit bestelako arlo profesionaletan ere. 

Zuzenbideak dituen arrakalak hobetzen saiatzen zara. Epai askoren erabakiak betaurreko moreekin hobetu daitezke? Betaurreko moreak janztea funtsezkoa da gizarteko edozein arlotan, eta justizia arloan ezinbestekoa; legea egiten duenetik hasita, berau interpretatu eta ezarri behar duen arte. Lotsagarria da gauden garaietan oraindik ere biktimei nola zihoazen jantzita edo hankak ondo itxi zituen galdetzea epaiketa batean… Formakuntza eta ikuspegi feminista baten behar itzela dago. 

Zein punturarte du eragina epailearen ideologiak epaian? Epaileak, edozein pertsonak moduan, ideologia edo pentsaera bat izango du. Hortaz, legea interpretatzerakoan, aukeren artean —gris eskala horren barruan— alde batera edo bestera mugi daiteke. Bestalde, kontuan izan behar dugu Epai Boterearen Kontseilu Orokorreko kideak —estatuko epaileen gobernu organoa— Parlamentuak aukeratzen dituela, eta hauek aldi berean, «dedokraziaz» auzitegi goreneko epaileak, Justizia Auzitegi Nagusietako presidenteak… Beraz, ideologiak zeresan handia duela esango nuke. Benetako botere banaketa bat beharrezkoa litzateke epaileen independentzia bermatzeko. 

Zer egin daiteke justizia justuago bat eraikitzeko? Lehenik eta behin justizia epaitegietan lortzen den gauza bat baino ez denaren ideia burutik kenduta. Justizia, soziala da edo bestela ez da. Guztion esku dago oinarrizko eskubideak aldarrikatu eta errespetaraztea; guztionak ez diren eskubideak, ez dira eskubideak, pribilegioak baizik. Beharrezkoa da hezkuntza inklusibo eta ekitatezkoa edukitzea, genero berdintasuna, diskriminazio gabeko gizartea, etxebizitza duin bat izateko eskubidea, lan eta osasun arreta izateko eskubidea, pobrezia eta indarkeriarik gabeko gizartea… Lan asko egiteke, ezta?

Beste hainbat arloren artean, haurrei egindako sexu-abusuen kasuak jorratzen dituzu. Zelako zailtasunak aurkitzen dituzu prozesu hauetan? Haurren kasuan, askotan denbora pasa arte ez dira jabetuko abusua jasan izan dutenik. Horri aztarna fisikorik ez egotearen zailtasuna gehitu behar diogu; izan ere, gehienetan, haurraren kontakizuna baino ez dugu frogatzat izango. Eskatuko zaie ahalik eta zehatzenak izatea —eta ez da erraza izango, kontuan izanda blokeo momentu batean egon daitekeela, edo gauza asko bizi izan dituenaren jabe ez izatea— eta bestetik kontraesanik gabeko kontakizuna izatea. Haurren kasuan, nahiz eta gero eta gutxiago, imajinazio handiko pertsonak direla «leporatu» izan zaie, agian txarto interpretatu duela…

Eta urte asko pasa badira abusua jaso duzunetik salatzen duzunerarte, zer gertatu daiteke? Preskripzio arazo baten aurrean egon gaitezke. Baina Rhodes Legeak hobekuntzak ekarriko ditu. Lege hau adingabeen aurkako sexu abusuen delituen preskripzio epearen hasiera aldatzera dator. Orain biktimak 35 urte betetzen dituenetik hasiko da epea kontatzen —bost urte delitu arinetarako eta 15 delitu larrietarako—. Lehen biktima adin nagusia zenetik hasten zen kontatzen eta, biktima salatzera ausartzerako, askotan, preskribatuta zeuden.

Familia kontuetan ere aritzen zara. Zein izaten da landu behar izaten duzun kasurik ohikoena? Familia arloan dibortzioak edo guraso-seme/alaben arteko neurriak izaten dira ohikoenak: elikagaien pentsioa, zaintza…

Betaurreko moreez hitz egin dugu lehen, baina zaintza parketatuaren defentsan zelako betaurrekoak jantzi behar ditugu? Egia da gai polemikoa izan dela hori, eta oraindik lana egiteko badago ere, EAEn orain araudi propioa dugu, zaintza partekatua erregimen orokor moduan zehazten duena. Hala ere, kasuan kasu begiratu beharko da eta beti ere, haurraren intereserako kaltegarria izango ez den erabakia gailendu beharko da. Begirada «metro eta hamarrera» jaistea tokatzen zaigu, haurra bistatik galdu ez dezagun.

Ofiziozko abokatu ere aritzen zara, baliabiderik ez dutenak defendatzen. Zelan antolatzen zarete ofizioz aritzeko? Ofiziozko txandan aritu ahal izateko baldintza nahikoa eskatzen dizkigute: jardunean urte batzuk egotea, arlo konkretu edo espezializazio horretan aritu izana frogatzen duten hainbat epai izatea, formakuntza bat gauzatu eta azterketa garaitzea… Behin hau eginda, zerrendan sartuko zara eta bi modutan egokitu ahal zaizu bezeroa: izendapena egiten dizutenean —zerrendaz egokitu zaizunean— edo guardia baten asistentzia egin eta doako justiziarako eskubidea duela erabakitzen denean.

Ofiziozko abokatuak norberak ordaindutakoak bezain eraginkorrak al dira? Hau izan daiteke daukagun topiko handienetariko bat. Ofiziozko txanda abokatuaren gizarte funtzio baten moduan ulertzen dugu, eta borondatez ematen dugu izena zerrendan. Hortaz, abokatuak bere lana benetan maite badu, gogo eta medio berdinekin defendatuko du bezeroa, baliabideduna izan zein ez.

Eta baliabide ekonomikoak baditut, zelan aukeratu niretzat egokiena izango den abokatua? Beste arlo batzuetan moduan, hurbileko tratua eta zerbitzu integral bat eskaintzen duen abokatua aukeratzeko gomendioa emango nuke nik; espezializatua egon dadila behar duzun alorrean.

Abokatutzako zure hirugarren alderdia atzerritarrak dira. Kolektibo zaurgarria da, ala kaudimengabe edo insolbente errazegi deklaratzen dutena? Kaudimengabeak direla ondorioztatzen bada, benetan ezer ez dutelako da, hala frogatu delako. Hala ere, ez genuke administrazio edo auzipeko ikuspegi batean bakarrik oinarritu behar —hori gutxiengoa delako—. Atzerritarrez orokorrean berba egin behar badugu, hitz egin dezagun gure gizarte edo herriek haienganako duten aurreiritziez: nahiz eta diru-kutxa publikoari egiten dioten ekarpena jasotzen dutenaren ia bikoitza izan, herritarrengandik jasotzen dutena zera da: zailtasun handiak dituzte euren izenean kontu korronte bat izateko, etxe bat alokatzeko, lan bat aurkitzeko… 

Etorkinen «itzultze beroak» ematen al dira gure inguruan? Legalak dira? Bai, noski ematen direna; eta ez, ez dira legalak. Ez dugu Ceuta eta Melillara joan beharrik, hurbileko adibiderik garbiena Irungo muga dugu. «Mugako errefusaren» figura erabiltzen dute, jakinik berau kanpoko mugei bakarrik zaiola aplikagarri, ez Schengen lurralde barrurako. Espainiak berriro jasoko ditu baina ez ditu berriro onarturiko pertsona gisa hartuko baizik eta irregularki dauden atzerritar gisara, horrek dituen ondorioekin…

Argizai taldeko zuzendari zara orain. Zer dakar horrek, hainbeste urtetan Galdakaon boluntario ibili ostean? Argizain urte asko egin ditut boluntario moduan bai, begirale moduan lehenengo eta juntakide gero. Beraz, ezagutzen nuen proiektu bat da eta aukera polita zen abokatutza arlo sozialarekin uztartzeko. Non hobeto herrian baino?

Asko sufritu dute gazteek, elkartzeko aukera gutxiagorekin. Igarri duzue hori herriko ludoteka eta topaguneetan? Bai noski, noraezean dabiltza. Adinekoekin batera, esango nuke haurrak eta gazteak izan direla Covidaren eragin handiena sufritu duten taldeak. Azken finean, haurrek eta nerabeek errutinak galdu dituzte —hain garrantzitsuak beraien garapenean—, lagunekin jolastea, eskolaz kanpoko ekintzak, familia kide eta lagunekin harremanak… Tristura, antsietatea, suminkortasuna… agerian geratu dira. Ia noiz eraldatzen dugun ezin garaia ahal garaian!

Solasaldira ez zara abokatuz jantzita etorri, baina txoritxo batek kontatu digu ikaragarri gustatzen zaizula mozorrotzea! Zergatik ez zara gurera toga, intsignia eta ileordearekin etorri? (barreka) Intsigniak epaileei utziko dizkiegu! Ileordea beste topiko bat da! Gurean ez dago halakorik, eta ez, epaileak ere ez du mailurik erabiltzen! Eta toga janzteak ez du abokatua egiten. Epaitegietarako baino ez dugu janzten eta momentu honetan, Covida dela eta, berau janzteaz salbuetsita gaude! •