Hasi da udazkeneko Sormene, Torrezabal Kultur Etxean goiz eta arrats
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Gotzon Barandiaran
Goizean Eider Eibar ilustratzaile ezagunak ehunka ikasleri eskainitako tailerrarekin hasi da udagoieneko Sormeneren edizio berria. Eta laster herritar guztientzat zabalik izango den «emanaldi errepikaezina» eskainiko da 19:00etan Torrezabal Kultur Etxean: «Euskaraz sortu» gazte sortzailez osatutako ikuskizuna.
Urriaren 27an iragarri bezala, gaur azaroaren 10arekin hasi da Sormeneren udagoieneko edizioa, Galdakaoko Udalak antolatuta. Edizio honen hasiera-ekitaldia azken urteetan galdakoztartzat dugun Eider Eibar ilustratzaile bilbotarrak egin du Torrezabal Kultur Etxeko areto nagusian.
Bertan, kultur etxean, izango dira edizio honetako ekitaldi guztiak. Eta gaurko Eibarren ilustrazio tailerrera Aperribai, Urreta eta Unkina ikastetxeetako ikasleak joan dira. «Euskara marraztu dute ikasleekaz», esan dio Gotzon Barandiaran Sormeneren zuzendariak Binkeri.
Ilustratzaile ezagunarena ez da izan ordea lehenengo egunak biziko duena, aurki, 19:00etan, «Euskaraz sortu» ekimen berezia eskainiko baitute hainbat musikari, idazle, poeta, bertsolari eta aktorek. Euskaraldiaren alde antolatutako ikusgarri honetan Libe Goitia poeta, Beñat Armentia piano-jotzailea, Ane Labaka bertsolaria, Miren Amuriza idazle eta bertsolaria, Esti Markez kantaria, Danae Riaño aktore eta abeslaria; eta Nagore Muriel zinemagilea arituko dira.
«Errepikaezina izango den emanaldia biziko dugu», esan du Barandiaranek ekitaldiaren aurretik, «kultur adierazpide ezberdinetako sortzaile gazte euskaldunak oholtza berean» ikusiko baititugu.
Gogoratu Sormeneren egitarau osoa jarraian:
- Azaroak 10, eguena.
Goizean: ilustrazio tailerra ikasleentzat Eider Eibarren eskutik. Amatasunaz, sorkuntzaz, transmisioaz eta euskaraz margotuko dute.
19:00. Euskaraz sortu. Emanaldi berezia Euskaraldiaren alde.- Ane Labaka eta Miren Amuriza —bertsolari eta idazleak—: emanaldia gidatu eta iruzkinduko dute bertsotan.
- Esti Markez —musikaria— eta Danae Riaño —musikari eta aktorea—: Esti Markezen «Hitzekin jolasean» diska berriaren lagin bat eskainiko dute.
- Nagore Muriell —zinemagilea—: «Erro bi» laburmetraia aurkeztuko du.
- Azaroak 11, barikua.
Goizean: dantza tailerra ikasleentzat Oier Araolazaren eskutik.
20:00. Dantza eta bertsoa uztartzen duen AMAraun ikuskizuna Oihana Iguaran eta Amaiur Luluagak aurkeztuta. - Azaroak 12, zapatua.
17:30. Familia osoarentzako ikuskizuna: Marie de Jongh konpainiaren «Amour». Maitasuna zentzu guztietan erakusten da obran.
22:00. Neomak taldeak bere lehen diskoa aurkeztuko du. - Azaroak 13, domeka.
19:00. Trapu Zikinak antzezlana, Lore More antzerki konpainiaren eskutik. Geuretik Sortuak egitasmoarekin elkarlanean.