Bi familia etxetik kaleratzeko arriskuan daudela salatzen ari da Galdakaoko Etxebizitza Sindikatua
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Galdakaoko familia bi beraien etxeetatik kaleratzeko arriskuan daudela salatzen ari dira egunotan Etxebizitza Sindikatuko kideak, eta horretarako Kutxabanken bulegoen aurrean elkartzen ari dira tarteka. Azaroaren 28rako gainera prentsaurrekora deitu dute.
Galdakaoko Etxebizitza Sindikatua, Elkarlaguntza Sarearen zutabeetariko bat, udalerriko familia bi kaleratzeko arriskuan daudela salatzen ari da egunotan. Salaketa horiek, besteak beste, Kutxabanken bulegoen aurrean egiten ari dira sindikatuko kideak, «Kutxabank alde batetik eta Cerberus funts putrea bestetik izango baitira oraingoan borrero lanetan arituko direnak», sindikatuak ohar bidez adierazi bezala.
Mezu hori azaroaren 28an egingo duten prentsaurreko batera deitzeko kaleratu duten oharrean ageri da. Bertan, gainera, kaleratu gura dituzten familia horiek sindikatuko kideak direla salatu dute Etxebizitza Sindikatukoek, «horrelakorik onartuko ez» dutela eta «aurrean izango gaituzte» aldarrikatuz.
Datozen asteotan ekimen ezberdinak burutzen hasiko dira eta sare sozialetatik horietara gerturatzeko deialdiak zabalduko dituztela iragarri dute. Hala ere, «momentuz epe laburrean daukagun zita garrantzitsuena azaroaren 28an deituko dugun prentsaurrekoa da», aurreratu dute talde galdakoztarretik: 12:30ean, Galdakaoko Kurtzeko plazan izango da. Bertan azalduko dituzte «egoeraren nondik norakoak eta aurrerantzean burutuko ditugun ekimenak».