Kontzentraziora deitu dute bihar, Galdakaoko azken eraso matxista salatzeko
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
Pasa den astean gizon bat atxilotu zuten, Galdakaon bere bikotekidearen etxeari su ematea leporatuta. Horren aurrean, Momoak Talde Feministak kontzentrazioa deitu du biharko, barikua, 19:30ean Santi Brouard enparantzan.
Urriaren 10ean aurreratu zuen informazioa Binkek: gizon bat atxilotu zuten Galdakaon, bikotekidearen etxeari su ematea leporatuta. Bada, horren aurrean, Momoak Talde Feministak kontzentraziora deitu du bariku honetarako, hilak 18, Santi Brouard enparantzan.
«Nazkatuta gaude zuen etengabeko biolentziaz» agerian utzita, talde feministak Galdakaon gertatutako azken kasu honen aurrean haserrea erakutsi du beste behin, eta erasorik onartuko ez dutela adierazi. Horren aurrean, herritarrak barikuko kontzentraziora deitu ditu.
Galdakaoko Udalak, bere aldetik eta bere osotasunean, aho batez onartutako adierazpena ere kaleratu zuen eraso matxista hau salatzeko, eta horrela batu zuen Binkek bai albistea zein Udalaren adierazpena ere.