Gabonetako argiak gaur piztuko dira Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jak Kapan
Aurreko urteetan bi aste lehenago egin arren, gaur piztuko dira Gabonetako argiak Galdakaon. Udalak erabakia hartu du «herriari Gabon giroa ematearen eta argindarra ahalik eta gutxien xahutzearen arteko oreka aurkitu nahian».
Gaur, abenduak 16, piztuko dira Gabonetako argiak Galdaokoko kaleetan. Aurreko urteetan abenduaren 1ean egin bada ere, oraingoan bi aste atzeratzea erabaki du Udalak. «Herriari Gabon giroa ematearen eta argindarra ahalik eta gutxien xahutzearen arteko oreka aurkitu nahian egin dugu», adierazi dute.
Eraginkortasunean irabazi eta energia aurrezteko helburu honetan, beste neurri batzuk hartu ditu udal gobernuak, besteak beste, led sistema aukeratzea argiztapenean, argindar gutxiago behar dutelako. Hala ere, «argindarraren salneurri garestia eta mundu mailako energia zein klima krisiak kontutan hartuta» argien piztea atzeratzea erabaki du Udalak.
Urtarrilaren 8ra arte izango dira piztuta Gabonetako argiak eta kaleko sistemen ordutegi bera izango dute. Urtero bezala, Gu Dendari elkarteak bere argiztapena jarri du Muguru kalean.