GBGEk eta Bilbondo Merkataritza Parkeak jostailu-bilketa solidarioa antolatu dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: GBGE
Beste urte batez, jostailuak biltzeko kanpaina solidarioa jarri dute martxan Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak eta Bilbondo Merkataritza Parkeak. Gaur da materiala eramateko azken eguna eta bihar banatuko dute Basauriko parkean bertan, txikiei zuzendutako «jai erraldoian».
Gabonetan ume guztiek jostailuak izateko helburua du Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak eta horretarako hainbat ekintza antolatu ditu. Besteak beste, jostailu-bilketa solidarioa jarri du martxan Bilbondo Merkataritza Parkearekin batera. Gaur da materiala eramateko azken eguna, jostailu berriak edo egoera onean dauden bigarren eskukoak hartzen dituztela.
Jasotako jostailuak bihar banatuko dira Bilbondon bertan, «ilusioz, emozioz eta dibertimenduz betetako jai erraldoian». Egunean zehar haurrek Oliver Magoaren emanaldiarekin disfrutatu ahal izango dute eta askaria hartzeko aukera izango dute ere.
GBGEk hogeita bost proiektu baino gehiago ditu martxan gaur egun, haien artean, elikagaien banaketa solidarioa Galdakaon eta ‘Nevera Solidaria’.