Aldundiak babesgarri akustikoa jarriko du A-8 errepidean, Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso
ARGAZKIA: Tecnocarreteras
Trafikoaren zaratak ingurumenean duen eragina murrizteko helburuz, Bizkaiko Foru Aldundiak babesgarri akustikoa jarriko du A-8 errepidean, Galdakaotik igarotzen den zatian. Guztira, 396.797,67 euroko aurrekontua izango dute lanek.
Bizkaiko Foru Aldundiak ibilgailuek errepideetan sortzen duten zarata murrizteko helburua du eta horretarako hainbat neurri hartu ditu azken urteetan. Besteak beste, babesgarri akustikoak jarri ditu hainbat errepideetan.
Kasu honetan, A-8 autobidean jarriko ditu, Galdakaotik igarotzen den zatian. Orotara, 396.797,67 euro —BEZa kontutan hartu gabe— suposatuko dute lanek eta enpresek otsailaren 14ra arte izango dute haien proposamenak aurkezteko.
Obrak esleitu ondoren, bost hilabeteko epea izango du aukeratutako enpresak lanak gauzatzeko eta babesgarri akustikoak ezartzeko.