«Iraultza gu gara», Janire Markina
Janire Markina Gil
BINKE / 2019ko martxoa
Iraultza gu gara
Joan zaigu martxoaren 8a, eta berarekin egun horrek milaka emakumerengan eragin zuen emozioen zurrunbiloa. Aurten ere, «heteropatriarkatu kapitalistari planto» lelopean, greba feministak bizitzako zapalkuntza mota guztiei aurre egin die. Gurean, emakume galdakoztar zein usansolotarrek egun osoan zehar kaleak hartu eta herrietan antolatutako hainbat ekintzetan parte hartu zuten. Batzuek aurreko urteko egun historikoa ezerezean geratzearen ustea zuten arren, aurtengo grebara, alderdi politiko eta instituzio gehiago atxikitzeaz gain, beste behin ere, Euskal Herriko emakumeek erantzun masibo bat eman zuten. Hala ere, borroka hau ez da hemen amaitzen. Eman diezaiegun urteko egun guztiei egun honi ematen diogun garrantzia. Emozioen zurrunbilo horren ajeak ez dezala bi eguneko iraupena izan. Gaur egungo gizartea eraldatzeko, egunez egun bizitzak erdigunean jartzeko, botere harremanak aldatzeko eta bizitza sostengatzeko ardurak kolektibizatu behar ditugu, horretarako burujabetza ezinbesteko dugularik.
Jarrai dezagun gauero iraultza feminista amesten! Jarrai dezagun egunero iraultza feminista antolatzen! Iraultza gugan da, iraultza gu gara!