Galdakoztarren artean jarduera fisikoa sustatzeko Altzeu zerbitzuak 20 ordu eskainiko ditu astero

Argazkia: Galdakaoko Udala.

Duela urte bi martxan jarritako Altzeu ekimena abiatu du berriz Galdakaoko Udalak, Osakidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Mugiment egitasmoarekin batera. Astero 20 ordu eskainiko ditu galdakoztarren artean jarduera fisikoa sustatzeko zerbitzuak.

Ohitura sedentarioak murrizteko eta gizarte aktibo bat bultzatzeko helburuz, Altzeu zerbitzua jarri zuen martxan Galdakaoko Udalak 2024an, Osakidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Mugiment egitasmoarekin batera.

Proiektu pilotu gisa abiatu, eta «esperientziaren balorazio positiboak agerian utzi zuen herritarrei arreta egokia eskaintzeko zerbitzuaren eskaintza zabaltzea komeni zela». Horregatik, Udalak zerbitzua egonkortzeko eta indartzeko urratsak egin ditu, zerbitzua finkatuz eta asteko arreta orduak 8tik 20ra handituz.

Ordu kopuru osotik 16 zuzeneko arretarako eta beste 4 orduak tailerrak, talde jarduerak eta ekintza komunitarioak egiteko dira. Hala ere, beharrezkoa denean, azken lau ordu horiek ere banakako arretarako erabili ahal izango dira. 

Zerbitzua Osakidetzarekin eta komunitateko beste eragile batzuekin koordinatuta emango da, eta herritarrak osasun zentrotik zein beste udal zerbitzu batzuetatik bideratuta iritsiko diren arren, euren kabuz ere jo dezakete bertara. Horretarako, aurretiko hitzordua eskatu behar da altzeu@galdakao.eus helbide elektronikora idatziz.

Zerbitzua honako egunetan eskainiko da:

Astelehenetan
10:00-14:00 Urreta kiroldegian
15:00-19:00 Osasun zentroan

Martitzenetan
09:00-13:00 Torrezabal Kultur Etxean

Eguenetan
09:00-13:00 Torrezabal Kultur Etxean
14:00-18:00 Urreta kiroldegian  

situs togel

situs toto