Ane Legarreta zuzendariak ‘Emakumeak’ kongresuan parte hartuko du ESAS orkestrarekin
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ane Legarretaren webgunetik
Berdintasuna uztartuko duen ‘Emakumeak’ kongresua antolatu dute Bilbon urtarrilaren 17tik 20ra, hainbat arlotako emakumeek hartuko dutela parte. Besteak beste, Ane Legarreta zuzendari galdakoztarra arituko da inaugurazioan ESAS emakumeen orkestrarekin.
Arlo guztietan «premiazkoa» den berdintasuna aldarrikatuko du ‘Emakumeak’ kongresuak. Bilboko Euskalduna Jauregian izango da urtarrilaren 17tik 20ra eta hainbat arlo uztartuko dira, hala nola, ekonomia, politika, askatasun afektibo-sexuala, feminismoa edo kultura.
Horretarako, mundu osoko esparru anitzetako emakumeak gonbidatu dituzte. Besteak beste, Ségolène Royal Frantziako ministro ohia eta Piotu-Charenteseko Eskualde Kontseiluko egungo presidentea, Fawzia Koofi Afganistango politikaria, Ana Peláez Emakumearen aurkako Bazterkeria Ezabatzeko Nazio Batuen Batzordeko buruordea, Ana de Miguel Filosofia Moraleko irakaslea, Izaro abeslaria eta Onintza Enbeita eta Nerea Ibarzabal bertsolariak izango dira Euskalduna Jauregian.
Inaugurazio saioa urtarrilaren 17an izango da eta Ane Legarreta zuzendari galdakoztarra arituko da honetan ESAS emakumeen orkestrarekin, Luberri Xuri Abesbatza eta Vocalia Taldea abesbatzekin batera. Binkek jasotako moduan, esperientzia luzeko zuzendariak Cairoko orkestra sinfonikoa zuzendu du, bizipen «oso oso aberasgarria» izan dela. Bilbon ordea Emakumeen Sortzaile eta Artisten Sarearekin arituko da.
Gainerako egunetan mahai inguruak, kontzertuak eta dokumentalak tartekatuko dira. Egitarau osoa eta informazio gehiago webgunean ezagutu daiteke.
Teresa Laespada Enplegua, Gizarte inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko foru diputatuaren hitzetan, kongresua «hausnartzeko aukera emango digun lekua, eztabaidarako gune librea eta eskubide berak aldarrikatzen ditugun emakume ezberdinen arteko topaketa da».