Klima aldaketaren inguruan hausnartzeko tailerra antolatu du Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Klima aldaketaren inguruko azterketa egin ondoren, Galdakaoko Udalak herritarrekin batera erabaki nahi du «zer nolako herria nahi dugun». Horretarako, auzokide eta eragileekin batera tailerrak egingo ditu eta bihar izango da lehena udaletxean.
Klima aldaketaren aurrean «erresilienteagoa eta karbono intentsitate txikiagokoa» izan nahi du Galdakao eta horretarako Udalak herriaren egoera ezagutzeko azterketa egin du. Informazio iturriak identifikatzeko dokumentazioa bildu zuen lehenbizi eta energia balantzean eta berotegi efektuko gasen isurien balantzean (arintzea) oinarritutako egoeraren diagnostikoa egin zuen prozesu horren ostean.
Ondoren, ekintza planari ekingo dio Udalak baina honen aurretik hausnarketa prozesua egingo du. Honetan «garrantzi berezia» izango dute herritarrek eta horretarako tailerrak antolatu ditu Udalak herriko eragile nagusekin eta auzokideekin. «Etorkizun hurbilean udalerriak nolakoa izan beharko lukeen ikuspegi partekatu bat sortu nahi dugu», adierazi dute Udal Gobernutik.
Zehazki, bi tailer antolatu dituzte bihar udaletxean. Herritarrentzako irekia 17:30etik 19:00etara izango da eta eragileei zuzendutakoa ordea 19:00etatik 20:30era. Halaber, beste bi antolatzea aurreikusi du Udalak.
Galdakaoko Klimaren eta Energiaren Plana egiteko prozesuari buruzko informazio guztia parte hartze plataforman dago eskuragarri, eta tailerretan parte hartzeko interesa dutenei ere bertan izen emateko gomendioa egin die Udalak.