Galdakaoko familia baten etxegabetzea salatzeko batu ziren atzo
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Etxebizitza Sindikatua
Galdakaon Banco Santanderrek adinez txikiko hiru haur dituen ama gazte bat etxegabetu gura dutela salatzeko beste behin batu ziren atzo. Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuaren hitzetan, «tinko jarraituko dugu etxegabetzea gelditu arte».
Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak azaroan ezagutzera eman zuen herriko familia bat etxegabetzeko arriskuan zegoela, Binkek jaso zuen moduan. Zehazki, 33 urteko emakume bat eta bere hiru seme-alabak dira, 4 eta 8 urte bitartekoak.
«Kaleratzea ekidiko lukeen alokairu sozialaren inguruan proposamenak helarazi dizkio bai Cerberus bai Banco Santanderri baina ezezkoa eman diete, bai proposamen hauei, bai familia kalean bukatu ez dadin beste edozein soluzio bilatzeko bilera eskaerei ere», azaldu zuen orduan Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak. Bankuaren erantzun ezaren aurrean ordea, mobilizazioekin jarraitu dute.
Atzo bertan batu ziren Banco Santanderren egoitzetako batean. «Gure kideen etxegabetzea gelditzeko asmo tinkoa dugu», azpimarratu zuten bertaratu ziren dozena bat lagunek.