Mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileei atseden zerbitzua eskainiko die Galdakaok
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Daisy D.
Galdakaoko Udalak martxan jarri du mendekotasuna dute pertsonen zaintzaileei zuzendutako ‘Atseden zerbitzua’. Honen bitartez, zaintzaileek atsedenerako ordu batzuez gozatu ahalko dute urtea bukatu bitarte.
Karga itzela sufritzen dute kasu askotan mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileek. Hau arintzeko asmoz, ‘Atseden zerbitzua’ jarri du martxan Galdakaoko Udalak. «Helburu nagusiena da arretarako sare naturala osatzen duten zaintzaileei laguntza ematea, hala nola, zaintzaileak etxetik kanpo jarduera puntualak egiteko denbora izan dezan ahalbidetzea», azaldu dute Udal Gobernutik.
Zerbitzua doakoa da eta honen bitartez zaintzaileak atsedenerako ordu batzuez gozatu ahalko du urtea bukatu bitarte, ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 22:00etara. Bi eta sei ordukoak izan daitezke atsedenerako orduak egunean.
Zerbitzua familia zaintzaileentzat eta Bizkaiko Foru Aldundiak onartutako mendekotasuneko arrisku egoeran dauden pertsonekin edo mendekotasuna duten pertsonekin bizi diren kideentzat da, egoitza arretako erabiltzaileak ez badira.
Udalak jakinarazi duenez, zerbitzu honetan izena eman daiteke ESAN herritarren arretarako bulegoan, Udal Gizarte zerbitzuetan eta egoitza elektronikoan.