Eneritz de Madariaga Ahaldun Nagusigaiak solasaldia eskaini zuen Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Elkarrekin Podemos
Eneritz de Madariaga Elkarrekin Podemosen Ahaldun Nagusigaiak ‘Bizkaia Martxan’ ibilbidea hasi zuen astelehenean, taldearen proposamenak aurkezteko helburuz. Asteartean Galdakaon egin zuen geldialdia eta solasaldia eskaini zuen militanteekin batera. Albiste honetan batu dugu hitzaldian azaldutakoa.
Herritarrekin fronte komun bat ezartzeko helburuz, Eneritz de Madariaga Elkarrekin Podemosen Bizkaiko Ahaldun Nagusi izateko hautagaiak ‘Bizkaia Martxan’ ibilbidea hasi zuen astelehenean Elorrion. Asteartean ordea Galdakaon izan zen, hautagaiekin eta udalerriko militanteekin batera.
Bileran, «Galdakao bizigarriagoa, berdeagoa eta pertsonentzako berdeagoa eraikitzeko beharra» nabarmendu zuen, «kalitatezko garraio publikoa, mugikortasun iraunkorra, konektatutako auzoak, berdeguneak eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko konpromisoa barne».
Podemos, Ezker Anitza eta Alianza Verde alderdiak batzen dituen taldearen hautagaiaren hitzetan, «udalerrietan herritarrekin hitz egitea, pairatzen dituzten arazoei aurre egitea eta eskualdeen premia larrienak bertatik bertara ezagutzea da helburua, foru politikara eraman ahal izateko». «Horrela bakarrik egin ahal izango dugu politika pertsonekin eta pertsonentzat. Hori da politika, jendeari entzutea eta eraikitzea», adierazi zuen Bizkaiko Batzar Nagusietako egungo bozeramaileak.
De Madariagak pertsonengan oinarritutako politika ulertzeko modu bat finkatu nahi duela azpimarratu zuen, non «lan kolektiboak nortasunaren ikur izaten jarraitzen duen».
Halaber, politikarien hurbiltasuna aldarritukatu zuen solasaldian: «Lagunak eta bizilagunak besarkatzeko beharra sentitzen dut, garai gorabeheratsuak izaten ari direlako. Ildo horretan, zaintzak ekintza politikoaren erdigunean jartzea premiazkoa da».