Galdakao Txirrindulari Elkartearen Gelak bere laugarren denboraldia aurkeztu zuen
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Click&Click elkartea
Barikuan Galdakao Txirrindulari Elkartearen eskolak bere laugarren denboraldia aurkeztu zuen Torrezabal Kultur Etxean, 33 txirrindulari gaztetxoekin batera hainbat eta hainbat gonbidatu oholtzara igo zirela.
Hamazazpi urtez desagertuta egon ondoren Galdakao Txirrindulari Elkarteko eskola berriro martxan jartzea erabaki zuten, orain lau urte, Igor Anton txirrindulari profesional ohiak eta Jon Amiano elkarteko presidenteak. Geroztik, gero eta gaztetxo txirrindulari gehiago dira Gela deituriko eskolan ari diren kirolariak, eta guztiak batu ziren otsailaren 24 arratsaldean Torrezabal Kultur Etxean.
Familia giroan, hainbat txirrindulari profesional eta zenbait erakundeetako ordezkarik jarraitu zuten pasa den barikuan Galdakao Txirrindulari Gelaren aurkezpena. Laugarren denboraldia urrian hasi zen, eta aurreko denboraldien aurkezpenak oso modu xumean egin zituzten pandemia tarteko. Baina denboraldi berri hau bai, musukorik gabe eta normaltasun osoz aurkeztu gura zuten Gelako arduradunek jendaurrean. Eta horrela egin zuten.
Ekitaldian iazko irudiak ikusi ziren, aurtengo nobedadeak kontatu ziren, Amianok eta Antonek berba batzuk eskaini zituzten oholtzatik eta hainbat izan ziren oholtzara euren atzetik igo ziren gonbidatuak: Gelaren babesle Amaia Fernandez Zamakoa Eraikuntzak eta Josu Gomez AELVASA enpresetako kideak, Amets Iturbe eta Asier Egiraun Galdakaoko Udaleko zinegotziak, Miguel Madariaga Euskaltel-Euskadiko historikoa eta Euskadi Fundazioko presidentea, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura, Kirol eta Euskara diputatua, eta Omar Fraile txirrindulari profesionala.
Denekin hitz egiteko aukera izan zen oholtza gainean, eta amaieran Gelako protagonistekin argazkiak atera zituzten Click&Click elkarteko kideek: hamabi monitoreekin eta 33 txirrindulari gaztetxoekin, zazpi eta 14 urte bitartekoak direla azken hauek.