Sukaldari eta jatetxe galdakoztarrek Repsolen Sol sariei eustea lortu dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIAK: Jatetxeen webguneetatik
Atzo gauean aurkeztu zuten Alacanten Repsolen 2023ko gida eta sukaldari eta jatetxe galdakoztarrek Sol sariei eustea lortu dutela iragarri zuten. Andra Mari jatetxeak bi izaten jarraituko du eta Aretxondok bat, eta Josemi Olazabalaga sukaldari galdakoztarraren Bilboko Aizianek ere bi sariak mantendu ditu.
Estatuko jatetxe onenak batzen ditu Repsolek urtero bere gidan eta atzo eman zuen ezagutzera aurten sartuko diren guztiak, Alacanten ospatu zuten ekitaldian. Zehazki, Sol sariak jasotzen dituzten jatetxeak sartzen dira gida honetan, bat, bi edo hiru sari izan ditzaketela.
Aurten Repsolen gidak 712 jatetxe batu ditu guztira, iaz baino 46 gehiago. Azken hauen artean zazpi euskaldun dira: Erro (Atxondo), Kuma (Bilbo), Tamarises Izarra (Getxo), Espazio Oteiza-Akelarrea (Donostia), Hamarratz (Zumaia), Laia Erretegia (Hondarribia) eta Zazpi stm (Donostia).
Berriak sartuz gain, hainbat jatetxek Repsolen gidan mantentzea lortu dute, haien artean bi galdakoztar. Andra Marik bi Eguzki sariei eustea lortu du eta Aretxondok bat izaten jarraituko du. Halaber, Josemi Olazabalaga sukaldari galdakoztarraren Bilboko Aizian jatetxeak bi Eguzki sariak mantendu ditu.
Informazio gehiago Repsolen webgunean ezagutu daiteke.