Herrian bizi diren migratutako pertsonei zuzendutako prestakuntza saioak antolatu ditu Galdakaok azaroan zehar. Ikastaroen helburua hainbat izapide egiten eta oinarrizko baliabideak eskuratzen laguntzea da.
Galdakaoko Udalak herriko Helduen Heziketa Ikastetxearekin (HHI), Gaztaroa Sartu, Munduko Medikuak eta Bidez-Bide elkarteekin lankidetzan, hiru prestakuntza saio antolatu ditu herrian bizi diren migratutako pertsonei zuzenduak.
Zehazki, osasun sistema publikoan sartzeko jarraibideak, atzerrian egindako ikasketen eta gidabaimenaren homologazio prozesuak eta BakQ ziurtagiria eskuratzeko urratsak landuko dira. Saioek informazio praktikoa eskainiko dute, parte hartzaileek izapide horiek nola egin ikas dezaten. Prestakuntza jarduerak doakoak eta irekiak dira.
Prestakuntza saioak Galdakaoko Helduen Heziketa Ikastetxean egingo dira, honako datetan:
- BakQ ziurtagiria: bi saio izango dira azaroaren 4an, 10:30ean eta 17:00etan; identifikazio elektronikoa eskuratzeko eta erabiltzeko jarraibideak irakatsiko ditu Gaztaroa Sartu elkarteak
- Osasun sistemarako sarbidea: azaroaren 12an, 17:00etatik 18:00etara, eta azaroaren 16an, 10:30etik 11:30era; euskal osasun sistema publikoan sartzeko informazioa eta aholkularitza eskainiko ditu Euskadiko Munduko Medikuak elkarteak
- Tituluen homologazioa: azaroaren 19an, osteguna, 10:30etik 11:30era; atzerrian egindako ikasketen baliokidetasunari (Batxilergoa, DBH eta abar) eta gidabaimenaren homologazioari buruzko informazioa eta jarraibide praktikoak emango ditu Bidez-Bide elkarteak




