Paul Urkijoren ‘Irati’ filma eskainiko da Torrezabal Kultur Etxean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: ‘Irati’ filmaren sareetatik
Pasa den barikuan, otsailak 24, estreinatu zen Paul Urkijok zuzendutako ‘Irati’ film euskalduna eta arrakasta handia izaten ari da. Galdakaon ere ikusteko aukera izango da, Torrezabalen, martxoaren 3an gazteleraz eta 5ean eta 6an euskaraz.
Marka guztiak hautsi ditu ‘Irati’ filmak. Pasa den barikuan, otsailak 24, estreinatu zen estatu osoko aretoetan eta egun berean inoizko euskarazko estreinaldirik onena bihurtu zen. Paul Urkijo zuzendariaren bigarren film luzeak 204.000 euro bildu zituen lehen asteburuan eta Euskal Herriko zinema-aretoetan pelikula ikusiena da.
Galdakaon ere izango da filma ikusteko aukera, Torrezabalen. Barikuan, martxoak 3, gazteleraz eskainiko da arratsaldeko 20:00etan eta martxoaren 5ean eta 6an berriz euskaraz. Hilaren 5ean 19:00etan eta 21:30ean izango dira saioak eta 6an 20:00etan. Sarrerak salgai daude Torrezabalen eta webgunean.
Aitaren gorpuaren bila, Pirinietako basoetan murgilduko da Eneko izeneko noble gaztea. Bidaia honetan Irati neska misteriotsuaren laguntza izango du, aro ilun baten erdian amodio istorio bat biziko dutela. Hau da ‘Irati’ filmaren abiapuntua, maitasunaz haratago euskal mitologiaren sinbolismoa eta historiaren garrantzia erakusten duenak.
Eneko Sagardoy, Edurne Azkarate eta Itziar Ituño dira pelikulan parte hartu duten aktoreetako batzuk eta haien artean dago Gaizka Chamizo galdakoztarra. Aktorea Berexen paperean sartu da eta «txikia baina ahaztezina» izan dela aitortu zion Binkeri.
‘Irati’ filmaz gain, beste hainbat pelikula ikusteko aukera izango da hilabete honetan Torrezabalen, haien artean, Goya sarietan arrakasta handia izan zuen ‘Cinco Lobitos’. Hilaren 14an eskainiko da, arratsaldeko 19:00etan.