Aniztasun funtzionala duten pertsonen beharrak ezagutzeko azterlana martxan jarri du Galdakaok
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak aniztasun funtzionala duten pertsonek ekintzetan parte hartzerakoan dituzten beharrak eta oztopoak ezagutu nahi ditu. Horretarako, online eta paperezko formatuan erantzun daitekeen galdetegi bat jarri du martxan.
Galdakao herri «inklusiboagoa» egin nahi du Udalak eta horretarako aniztasun funtzionala duten pertsonek ekintzetan parte hartzerakoan dituzten beharrak eta oztopoak ezagutu nahi ditu.
Galdetegi baten bitartez egingo du, online edo paperean erantzun daitekeena. Azken formatu honetan Torrezabal, Galdakaoko Udaletxea, Aperribaiko eta Usansoloko liburutegietan eta Musika Eskolan daude eskuragai. Zalantzak izanez gero, 68875449 telefonora deitu daiteke 10:00-14:00 eta 17:00-19:30 ordutegietan.
Galdetegia anonimoa da eta herritarren iritzia ezagutzea da honen helburu nagusia. «Zure parte-hartzearekin Galdakao udalerri inklusiboagoa egin ahal izango dugu», adierazi du Udalak, azterlana egiteko laguntza eskatuz.