Galdakaoko parte-hartze ordenantzan ekarpenak egiteko epea zabalik dago
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: R. O.
Galdakaoko Udalak parte-hartze ordenantza garatu du teknikariekin, erantzukizun politikoa duten pertsonekin eta oposizioko taldeekin batera. Orain herritarrek ordenantzan ekarpenak egiteko prozesua zabaldu du, apirilaren 12ra arte, Udalaren webgunearen bitartez.
Pasa den urteko ekainetik Galdakaoko Udaleko Parte hartze eta Gardentasun arloa parte-hartze ordenantza garatzen ibili da. Prozesu irekia izan da, izan ere, teknikariekin, erantzukizun politikoa duten pertsonekin eta gobernuko eta oposizioko taldeekin batera egin du.
Dokumentu «luze eta zehatza» garatu dute eta orain zuzenketa fasea hasi dute. Horretarako, apirilaren 12ra arte herritarrek ekarpenak egiteko prozesua ireki du Udalak. Bere webgunearen bitartez egin daitezke proposamenak.
Zuzenketak jasotzeko epea igarotakoan, jasotako proposamen guztiei erantzungo zaie eta onartu edo baztertu egingo dira. Ostean, testuak izapidetzen jarraituko du eta azkenean osoko bilkurara eramango da onartzeko.
Udalak jakinarazi duenez, hauek dira parte-hartze ordenantzan uztartzen diren gaiak: auzokideen eskubideak; herritarren ekimenak, besteak beste, partaidetza prozesuak, herritarren kontsultak edo partaidetza organoen sorrera sustatzera bideratuak; partaidetza prozesuak; partaidetzako sektore edo lurralde organoen funtzioak eta funtzionamendua; eta ekintza komunitarioari laguntzea.