Udaberriko Sormeneren ekintzak aurkeztu dituzte sortzaile galdakoztarrek
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Aurtengo udaberriko Sormene apirilaren 27tik 30era antolatuko da Galdakaon eta inoiz baino sortzaile galdakoztar gehiago batuko dira egitarauan. Gaur aurkeztu dituzte ekintza guztiak Muguru plazan talde eragileko Gotzon Barandiaran eta Ane Legarretak, zenbait sortzaile galdakoztarrekin batera.
Aurten ere Sormene Galdakaoko sorkuntza plaza ospatuko da eta udaberriko ekinaldia apirilaren 27tik 30era antolatuko da. Binkek jaso zuen moduan, egitarau zabala izango du aurten ekimenak eta inoiz baino sortzaile galdakoztar gehiago batuko ditu.
Gaur aurkeztu dituzte ekintza guztiak Muguru plazan Gotzon Barandiaranek eta Ane Legarretak, zeinbat sortzailerekin batera. Ekitaldian Euterpe duoa osatzen duten Tania eta Erika Martinez Heras ahizpek emanaldia eskaini dute.
Barandiaranek azaldu duenez, aurreko urteetako lan ildoak mantendu eta berri bat batu dute aurten: zaintza. «Amatasuna, sorkuntza, euskara eta transmisioaz gain, zaintza gehituko dugu aurten. Horregatik aukeratu dugu Muguru plaza aurkezpenerako, zaindu maite duzun hori mezua dugulako atzean», adierazi du.
Zaintzaren inguruan mezu argia bota du Barandiaranek aurkezpenean: «Zaindu euskara bizi dadin, zaindu euskarazko kulturgintza bizi dadin eta zaindu gure sortzaileak. Hau guztia izan dugu gogoan aurtengo udaberriko edukiak pentsatzeko eta proposatzerako orduan».
Hain zuzen, edukiari dagokionez inoiz baino galdakoztar gehiagok parte hartuko dutela azpimarratu du Legarretak eta hauek zaintzeko «beste aldean dagoen publikoaren beharra» nabarmendu du: «Sortzaileak zaindu nahi ditugu baina hauek ez dira ezer eszenatokiaren beste aldean inor ez baldin badago. Herritarrak parte hartzera gonbidatzen ditugu».
Ekitaldian Xabi Ealo, Josi Sierra eta Naroa Larriba sortzaile galdakoztarrek ere parte hartu dute eta haiek aurrera eramango dituzten ekintzak aurkeztu dituzte. Hurrenez hurren, apirilaren 20an eskainiko den Zizpa Gazte Konpartsari buruzko dokumentalari, BideoSormene ekimenari eta Bapateko Sormene ekintzari buruz aritu dira.
Bestalde, Taupada dantza eskolako kideek apirilaren 29an egingo duten ‘Bertikala eta zorua elkarlanean’ ikuskizunaren nondik norakoak eman dituzte. «Apirilaren 29an Nazioarteko Dantzaren Eguna ospatuko da eta honen harira ikuskizun berezia eta bakarra eskainiko dugu Torrezabalen. Hormek eta zoruak batera egingo dute dantza», azaldu dute. «Estilo askotako dantzak ikusteko aukera izango dugu egun horretan Sormenen eta dantza kalera aterako dugu», adierazi du Legarretak.
Azkenik, gogorarazi dute Torrezabal Kultur Etxean egingo diren ekintzetarako aurretik sarrerak edo gonbidapenak eskatzea beharrezkoa dela.