Espainiako Gobernuak ETAkideak biktimen zerrendatik kentzea eskatu dio Galdakaoko Udalari
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EFE
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Denis Itxasok ETAkideen izenak biktimen zerrendetatik kentzeko eskatu dio hainbat udali, haien artean Galdakaokoari. Hilabete bateko epea eman die biktimen eta ETAkideen arteko «parekatzeari» amaiera emateko, «biktimen legea urratzen» ari direla argudiatuz.
Pasa den astean Galdakao Oroimena webgunean «ETAkideak biktima gisa» aurkezten direla salatu zuten PSE-EEk eta EAJk. Afera Eusko Legebiltzarrera eraman zuten alderdiek elkarrekin eta legez besteko proposamena aurkeztu zuten ETAkideen izenak biktimen zerrendatik kentzea eskatzeko. Taldeen hitzetan, «Galdakaoko Udalak terrorismoaren biktimak iraindu eta horien eskubideak urratu» ditu.
Galdakaoko Udalak eta Aranzadi elkarteak, Galdakao Oroimena webgunean martxan jartzeko arduradunak, Galdakaoko PSE-EEren idazkian aipatutako pertsonak «ez direla giza eskubideen urraketa larrien biktima gisa sailkatzen» azaldu zuten, eta Udal Gobernuak «biktima guztiekiko erabateko begirunea» adierazi zuen.
Espainiako Gobernuak ordea, «biktimen legea urratzen» ari dela salatu du eta ETAkideen izenak biktimen artean aurkezten dituzten udalei hauek kentzea eskatu die, haien artean Galdakaoko Udalari.
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Denis Itxasoren hitzetan, «hilabete bat dute biktimen eta ETAkideen arteko parekatzeari amaiera emateko». Ez egitekotan, «Estatuko Abokatutzak beharrezkoak diren ekintzak» abiaraziko dituela nabarmendu du ordezkariak.