Aperribaiko dorretxe ondoko bidegorriari ‘Josefiren bidea’ izena jarriko diote
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Josefi Gaztelu auzokidea omentzeko helburuz, Aperribaiko dorretxe ondoko bidegorriari ‘Josefiren bidea’ izena jarriko diote. Domekan seinalea jarriko dute bidean, emakumearen lagun eta auzokideak batuko dituen ekitaldian.
Aperribaiko auzokideentzat «erreferente» izan zen Josefi Gaztelu, dorretxe historikoan sortetxea zuen emakumea. Duela bi urte ‘Josefiren lagunak’ taldea sortu zuten eta omenaldia egin zioten, lagunak eta familia batu ziren hitzorduan.
Domekan, maiatzak 7, berriz batuko dira Josefi omentzeko, izan ere, dorretxe ondoan dagoen bidegorriari ‘Josefiren bidea’ izena jarriko diote. Horretarako, Aperribaiko tailu taldeak zizelkatutakoa seinalea jarriko dute bidean.
Hitzordua 12:30ean izango da eta lagunak eta auzokideak batuko dira bertan. «Josefiren oroimenean topa egingo dugu. Guretzat erreferente izan zen eta horregatik bere etxe ondoan leku berezi bat izatea merezi du», azaldu dute auzokideek.