Usansoloren segregazioa ahalbidetzeko, Espainiako Legea aldatzea eskatuko dute Kongresuan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EFE
Gaur egun indarrean dagoen legearen arabera, ezinbestekoa da udalerri berriek gutxienez 5.000 biztanle izatea. Usansoloren kasuan ez da zifra honetara heltzen eta segregazioa ahalbidetzeko helburuz, legea aldatzea eskatuko dute EAJk, EH Bilduk eta Podemosek Espainiako Kongresuan.
Pasa den eguenean Usansoloko Udalaren funtzioak egingo dituen kudeaketa batzordea eratu zen, Agustin Aizpuru presidente aukeratuz, Binkek jaso zuen moduan. Egun bat beranduago, Espaniako Kongresuan EH Bilduren bozeramaile den Mertxe Aizpuruak hauxe iragarri zuen: EAJ, EH Bildu eta Podemos elkarrekin lan egiten ari direla gaur egun udalerri gisa eratzeko herri batek izan behar duen gutxieneko biztanle kopurua 5.000 dela dioen Espainiako legea aldatzea eskatzeko.
Usansolo Herria plataformak hala eskatuta, proposamen bateratua aurkeztuko dute aste honetan EAJk, EH Bilduk eta Podemosek Espainiako Kongresuan, Aizpuruak ezagutzera eman zuenez. «Legea nola aldatzearen inguruan hitz egiten ari gara hiru alderdiak, herritarren nahia errespetatu behar delako», azaldu zuen EH Bilduren bozeramaileak.
Hain zuzen, legearen artikulu honetan batzen dena da Espainiako Abokatutzak erabilitako argudioa Usansoloren segregazioari helegitea jartzeko.