Adinekoei zuzendutako hiru ekintza antolatuko ditu Galdakaoko Udalak maiatzean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA:
Urtean zehar adinekoei zuzendutako hainbat ekintza antolatzen ditu Galdakaoko Udalak eta maiatzean hiru egingo ditu. Zehazki, EITB-ren Bilboko egoitzara irteera, Bilbotik mendi ibilbidea eta telelaguntzari buruzko hitzaldiak eskainiko ditu.
Maiatzean ere adinekoei zuzendutako ekintzak antolatuko ditu Galdakaoko Udalak. Zehazki, Gizarte Ekintzako Adinekoen Dinamizazio Zerbitzuak hiru jarduera eskainiko ditu hilabete honetan zehar, «jendea ezagutu eta bakoitzaren buruarekin baliagarriago eta gusturago sentitzeko» helburuz.
Maiatzaren 18an irteera antolatuko dute EITB-ren Bilboko egoitzara. Bisita bi txandetan egingo da: 9:45ean gaztelaniaz eta 11:45ean euskaraz, eta izena emateko epea zabalik dago. Adinekoen dinamizazio zerbitzuan egin behar da eta bakoitzak bi izen eman ahal izango ditu.
Hilaren 25ean aldiz mendian zehar 14 kilometroko ibilbidea egiteko aukera eskainiko du Udalak, Deustu eta Basauri artean. Gehienez 30 pertsonak eman ahal izango dute izena adinekoen dinamizazio zerbitzuan maiatzaren 12tik aurrera; gehienez bi izen pertsonako.
Bestalde, telelaguntzari buruzko hitzaldiak antolatuko ditu adinekoen zentroetan hilabetean zehar. Jada bi eskaini dituzte eta beste bi egingo dira data hauetan:
- Elkartea: Olabarrietan, maiatzaren 15ean, 17:30etik 18:30era.
- Gure etxea: Usansolon, maiatzaren 24an, 18:00etatik 19:00etara.
Telelaguntza zerbitzuaren bidez erabiltzaileek arreta iraunkorreko zerbitzua izan dezakete etxean, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan. Zerbitzua larrialdi-egoerei edo premia sozialei erantzun egokia emateko berariaz prestatua dauden pertsonek ematen dute, bai beren kabuz, bai beste baliabide komunitario batzuk erabiliz. Zerbitzua emateko, etxean terminal bat instalatzen da eta erabiltzaileari eraman behar duen sakagailua ematen zaio.
Usansoloko adinekoen zentroan aldiz, loaren nahasmenduei buruzko hitzaldia eskainiko da maiatzaren 19an, 17:30etik 19:00etara. Ictusaren aurrean jardutekoa, ordea, Izarra adinekoen zentroan emango da maiatzaren 25ean, 17:30etik 19:00etara.