Galdakaoko bonbardaketaren 86. urteurrena oroituko da barikuan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Tropa faxistek Galdakao bonbardatu zutenetik 86 urte beteko dira barikuan, maiatzak 19. Sarraski horretan hil zituzten hamasei galdakoztarrak oroitzeko helburuz, ekitaldia antolatuko du Udalak Plazakoetxen. Halaber, hurrengo egunetan zehar gerra zibilaren inguruko hitzaldiak eskainiko dituzte eta Burdin Hesira irteera egingo da.
Hogeita zortzi bonbardaketa jaso zituen 1937an Galdakaok tropa faxisten aldetik. Urte horretako maiatzaren 19an hamasei galdakoztar hil zituen faxisten hegazkinek Plazakoetxeko aterpe sarrerara jaurtitako bonba batek eta hauek oroitzeko ekitaldia antolatzen du urtero Galdakaoko Udalak.
Aurten 86 urte betetzen dira sarraski horretatik eta galdakoztarrentzat «berezia» den egun honetan lore eskaintza egingo dute Plazakoetxen. Barikuan izango da, maiatzak 19, 12:00etan.
Bestalde, memoria historikoarekin lotutako beste ekintza batzuk antolatuko dituzte ere egun hauetan zehar. Bihar, maiatzak 17, Galdakao Gogora taldeak antolatuta, Emakume Abertzale Batzaren mendeurrenari buruzko hitzaldia eskainiko du Lutxi Larrazabal Galdakao Gogorako kideak udaletxeko pleno aretoan, 19:00etan.
Halaber, ‘Gerra Zibila Galdakaon’ hitzaldia emango du astean zehar Ander Aperribai historialariak herriko hainbat ikastetxetan.
Bi aste barrurako beste ekitaldi bat ere antolatu du Galdakao Gogorak. Burdin Hesira bisita gidatua egingo du maiatzaren 27an, Tomi Madinak gidatuta. Bekea aldeko ibilbidea izango da erakutsiko duena eta 9:00etan abiatuko dira Kurtzeko plazatik.