Lehen kale liburutegia erabilgarri dago Urretako Musika Eskola ondoan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Irakurzaletasuna sustatzeko helburuz, lehen kale liburutegia jarri du Udalak Galdakaon. Urretako Musika Eskola ondoan kokatuta dago eta liburuz betetako armairua du, herritarrek bertan irakurri edo etxera eramateko.
Galdakaoko Udalak irakurzaletasuna sustatu nahi du eta horretarako proiektu berria jarri du martxan: kale liburutegiak. Lehenengoa, Urreta auzoko Musika Eskolan kokatua, erabilgarri dago honezkero.
Liburuz betetako armairua jarri dute eta ondoan informazio panela. Bertan irakurri ahal izango dira liburuak, kalean, edo etxera eraman ahalko dira. Utzi ere egin ahalko dira liburuak bertan, beste pertsona batzuek irakur ditzaten.
«Hain zuzen, liburuei mugimendua emango zaie horrela, bizi berri bat», adierazi du Udalak. «Interesgarri diren liburuak beste batzuen eskura uzteak herritarrak, eta beraz, herria, aberasten lagunduko du», azpimarratu du.
Beste plaza eta parke batzuetan ere kale liburutegia jarriko duela iragarri du Udalak. Hasiera batean, leku hauetan jarriko da: Plazakoetxen, Ardanza parkean, Urretako anbulatorio aurreko plazan eta Txistulandan. Hain zuzen, Txistulandatik iritsitako eskaera bati erantzunez jarri da martxan egitasmoa: 2023 eta 2024rako aurrekontu parte hartzaileetan proposatu zuten Txistulandako jolas gunean liburutegi mugikorra jartzea.