Galdakaoko auzoen arteko autobusa bi aste barru jarriko da martxan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko auzoen arteko autobusa bi aste barru martxan jarriko dela iragarri du Iñigo Hernando alkateak. Autobusa %100 eletrikoa izango da eta «ordutegi batzuk zehaztea baino ez da geratzen».
Herritarren eskaerei erantzunez, Galdakaoko auzoen artean autobusa jarriko zuela iragarri zuen Udalak duela hilabete batzuk. Binkek jaso zuen moduan, lizitazioa martxoan atera zuten eta orain bi aste barru jarriko dela martxan iragarri du Iñigo Hernando alkateak.
Ser irratian eskainitako elkarrizketan azaldu du, autobusa %100 elektrikoa izango dela azpimarratuz. «Ordutegi batzuk zehaztea baino ez da geratzen», adierazi du alkateak, proiektuaren garrantzia nabarmenduz: «Orain arte ez genuen udal-garraio publikorik, ez genuen gure auzoak lotzen zituen ezer».
Garraioarekin lotuta, Metroaren 5. linearen inguruan hitz egin zuen ere Hernandok Ser irratiko elkarrizketan. «Inteligentziaz jokatu behar dugu, eta metroa iristeko prestatu. Horrek gure udalerriko barneko eta kanpoko mugikortasuna aldatuko du», adierazi du.
«Gizarte-eragileekin, kirol-eragileekin eta bidegorrien linea desberdinekin batera, Galdakao eraikitzen hasi behar gara. Aurreratu egin behar gara, lau edo bost urte ditugu metroaren etorrera eta Galdakaoko birkonfigurazioa lantzeko», gehitu du.