Usansolo Herriak «ulertu eta onartu» egiten du Galdabusa Usansolora ez iristea
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Irati Alonso Garcia
Galdabusa, auzoen arteko autobus zerbitzu berria, Usansolora ere iristea eskatu zion EAJk Galdakaoko Udalari, baina Usansolo Herria taldeak «ulertu eta onartu» egiten du Udalaren erabakia, Bizkaiko Foru Aldundiaren gomendioari jarraiki egindakoa.
Uztailaren 24an eta 29an jarri ziren martxan auzoen arteko Galdabusaren bi lineak. Ordea, lineetako bat ere ez da Usansolotik igaroko. Horren aurrean, EAJk Galdabusa Usansolotik ere igarotzea eskatu zuen, eta Usansolo Herria (UH) plataformak ondoko lau puntu hauekin erantzun dio talde jeltzaleari:
1. Usansolo Herriko kide batek ere ez du publikoki adierazi Aldundia denik herri-autobusa Usansolora ez iristearen erantzule.
2. Galdakaoko Udalaren hasierako proposamenak autobusaren ibilbidea Usansolotik abiatzea aurreikusten zuen, eta Bizkaiko Foru Aldundiak, 2022ko azaroaren 2ko errekerimenduaren bidez, ohartarazi zuen autobusa udal-mugarte batetik baino gehiagotik igarotzeak Galdakaoko Udalak zerbitzua kudeatzeko eskumena izateari uztea ekarriko zuela. Zehazki, Bizkaiko Foru Aldundiak honako hau adierazi zuen Galdakaoko Udalak egindako baimen-eskaera erantzutean:
“PUNTO 3: De culminarse el proceso de desanexión de Usansolo del municipio de Galdakao, la propuesta de transporte urbano trasladada pasaría a ser interurbana, en la medida en que discurriría por más de un término municipal. De hecho, todos los itinerarios tienen como cabecera la estación de Euskotren que está sita en Usansolo. Esta circunstancia provocaría que el Ayuntamiento de Galdakao dejara de ser competente para gestionar el servicio en los términos trasladados (artículo 4 de la Ley 4/2004, de 18 de marzo, de Transporte de Viajeros por Carretera)”.
3. Usansolo legezko udalerria da Usansoloko Segregazio Espedientea onartu zenetik. Horixe erabaki zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernikako Batzar Etxean 2022ko azaroaren 23an egindako bilkuran. Hala berresten dute baita 2023ko maiatzaren 4an Kudeaketa Batzordearen sorrerak eta 2023ko maiatzaren 28ko udal-hauteskundeen emaitzekin egingo diren izendapen berriek. Gaur egun, Kudeaketa Batzordeak indarrean jarraitzen du, Bizkaiko Foru Aldundiak Usansolo udalerri gisa onartzen duenaren erakusle.
4. Bizkaiko Foru Aldundiak hala eskatuta, eta herri-autobusaren proiektua geldirik gera ez dadin, Usansolo Herriak, arduraz eta Galdakaoko udalerriaren beharrak errespetatuz, ulertzen eta onartzen du herri-autobusak hasiera batean definitutako ibilbidea aldatzea eta Usansolora ez iristea.