Santakurtzetako Kuadrilen Txapelketan izena emateko epea zabalik dago eguaztenera arte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Santakurtzak irailaren 8tik 17ra ospatuko dira eta aurten ere Kuadrilen Txapelketa antolatuko dute jaietan. Lehiaketan izena emateko epea zabalik dago eta eguaztenera arte egin daiteke Torrezabal Kultur Etxean. Albiste honetan batu dugu parte hartzeko jakin beharrekoa.
Egunak baino ez dira falta aurtengo Santakurtzak hasteko eta urtero moduan egitarau zabala antolatu dute Galdakaoko Udalak, Jai Batzordeak eta herriko eragileek. Besteak beste, Kuadrilen Txapelketan parte hartzeko aukera izango dute galdakoztarrek beste behin.
Udalak jakinarazi duenez, dagoeneko zabalik dago Kuadrilen Txapelketan izena emateko epea eta eguaztenera arte, irailak 6, egin daiteke Torrezabal Kultur Etxeko bigarren solairuan.
Bestalde, eta «parte hartzea are gehiago sustatzeko eta jaiak barrutik bizitzeko esperientzia jende gehiagorengana zabaltzeko helburuz», txapelketetan parte hartzeko aukera handitu da aurten. Guztira hiru txapelketa antolatuko dira:
- Kuadrillen arteko XXI. Txapelketa. 33 proba izango ditu orain arte ezagutzen dugun txapelketa formatuan.
- I. Ohiko Txapelketa. Txapelketa berria da, lasaiagoa. Zortzi proba izango ditu, arinagoak, eta ateak kuadrilla gehiagori zabaltzeko prestatu da.
- Gazte Kuadrilen Txapelketa. 12-16 urte bitarteko gazteentzat, Galdakaoko Topaguneen laguntzarekin.
Kuadrila bakoitzak batean bakarrik hartu ahalko du parte, gutxienez lau pertsonez osatuko dira eta 16 urte baino gehiago izan beharko dituzte. Gazte Kuadrilen Txapelketan, aldiz, 12-16 urte bitartekoak izango dira parte hartzaileak. Probetan kuadrilaren jantzi edo kamiseta bereizgarria eraman beharko dute kideek.
Proben emaitzak egunero jakinaraziko dira 14:00etatik aurrera Udalaren webgunean, Torrezabal Kultur Etxeko atarian eta kuadrilek emandako helbide elektronikoan. Erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira emaitzak publiko egin eta hurrengo eguneko 10:00ak arte galdakaokokudrilla@gmail.com helbidean.
Honako sariak izango dituzte txapelketek:
XXI. Kuadrillen Txapelketa:
– 1. postua: 800€ + 10 tiket kuadrillen bazkarirako
– 2. postua: 700€ + 10 tiket kuadrillen bazkarirako
– 3. postua: 600€ + 10 tiket kuadrillen bazkarirako
– 4. postua: 500€ + 10 tiket kuadrillen bazkarirako
– 5. postua: 400€ + 10 tiket kuadrillen bazkarirako
– 6. postua: 300€ + 10 tiket kuadrillen bazkarirako
– 7. postua: 200€ + 10 tiket kuadrillen bazkarirako
– 8. postua: 100€ + 10 tiket kuadrillen bazkarirako
– 9.-15. postuak: 10 tiket kuadrillen bazkarirako
I. Ohiko Txapelketa:
– 1. postua: 300€ + kuadrillan egiteko ekintza-irteera + 5 tiket kuadrillen bazkarirako
– 2. postua: 200€ + 5 tiket kuadrillen bazkarirako
– 3. postua: 100€ + 5 tiket kuadrillen bazkarirako
– 4.-6. postuak: 5 tiket kuadrillen bazkarirako
Kuadrilen bazkaria
Kuadrilen bazkaria jaiak amaitu eta hurrengo larunbatean egingo da, irailaren 23an, Kurtzeko Plazan. Txapelketetan parte hartzen duten kuadrilek sarien arabera jasoko dituzte bazkarirako txartelak. Hala ere, pertsona gehiagok joan nahi izatekotan, galdakaokojaibatzordea2020@gmail.com helbidera idatzi beharko dute sarrerak erosteko, irailaren 20ra arte. Jaietan zehar ere txosnetan erosi ahal izango dira tiketak.
Kudrilen arteko txapelketetako oinarriak eta arauak Udalaren webgunean ezagutu daitezke.